Aurrekontuak datorren astearterako onartzea nahiko luke Eusko Jaurlaritzak, eta horretarako "ahaleginetan" ari dira. Hala aurreratu du Iñigo Urkullu lehendakariak berak Bilbon egindako agerraldian. "Lanean ari gara pentsioen, DSBEren eta enpleguaren inguruko akordioa lortu ahal izateko", azaldu du buruzagi jeltzaleak. Horiek dira EH Bilduk jarritako baldintzak.
Baina, EH Bilduren asmoen inguruko zalantzak ere agertu ditu Urkulluk: "Ez dakit, gobernuan jeltzaleak egonik, zorabiorik sentituko ote duten EH Bildukoek hitzarmenak egiteko garaian, baina aurrekontuak onartzen ez badira, norberak eman beharko ditu azalpenak".
Arnaldo Otegik, berriz, akordioa onartzeko borondatea berretsi du, baina zehaztu du urratsak egitea Jaurlaritzari dagokiola. "Ez da egon gerturatzerik oinarrizko puntuetan. Jaurlaritzak huts handia egingo du herritarrei bizkarra eman eta beste gastu batzuk lehenesten baditu".
Hala ere, baikor agertu da Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramailea. Haren iritziz, izan da hurbilketarik bi aldeen artean. Asteartean egingo da legebiltzarrean Jaurlaritzaren aurrekontuei jarritako osoko zuzenketen eztabaida —Elkarrekin Podemosek eta PPk aurkeztu dituzte osoko zuzenketak—, eta ordurako nolabaiteko adostasuna lortzea da jeltzaleen helburua.