Aurrekontuak babestu ostean, bakerako aukeraz baliatzera deitu du Urkulluk

Zapateroren agintaldia amaitu arteko epea jarri du mugarritzat bakean eta normalizazioan aurrera egin ahal izateko

Erredakzioa
Donostia
2010eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Iñigo Urkulluk, EAJren EBBko lehendakariak, bakerako aukera ikusten du, eta aukera baliatu behar dela uste du. Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuarekin legegintzaldia amaitzea ahalbidetuko dion akordioa izenpetu ostean, Urkulluk berretsi du erakundeen egonkortasuna lortze aldera emandako pausoa izan dela. Egonkortasuna bi aldetatik: batetik, krisi egoera gainditzeko erakundeen egonkortasuna ezinbestekoa dela iritzi diolako; eta, bestetik, bakearen eta bizikidetzaren alde guztien artean lan egiteko aukera dagoelako. Autogobernuaren garapena lehenetsi du. «Eta posible bada eta baldintzak badaude, bakea eta normalizaziorako bizikidetza. Urte eta erdi daukagu aurretik, ea guztiok baliatzeko gai garen, euren burua ezker abertzaletzat jotzen dutenengatik hasita». Hala jaso du blogean idatzitako artikuluan.

Aurrera begira erronka handiak ikusten ditu, eta egoerak eskatzen duen mailan egoteko eskatu du. «Orain egiten ari diren epe laburrerako zenbait jokaldi alboratzeko» eskatu du.

Beste hainbat hizpide izan ditu TeleBilbaon egindako elkarrizketan. Ezker abertzaleari buruz hau esan du: «Ematen du politika egin nahi duela, eta soilik politika, bide demokratikoetatik; espero dut pausoa ematea». ETAri dagokionez, uste du «bidea argi» markatu behar zaiola. «Ez da eragile politiko bat, eta ezin du erakunde politiko-militarra izaten segitu, erakunde terrorista delako». Esan du espero duen agiri bakarra behin betiko armak uzten dituela esaten duena dela. «Baliteke jokoan egotea, edo su-eten iraunkor posible bat izatea, nazioarteko komunitateak egiaztatzeko modukoa, edo ez».

Abagune politikoa aintzat hartuta, garrantzitsutzat jo du Zapaterok egindako gobernu aldaketan Ramon Jauregi Presidentetzarako ministro izendatu izana: «Izan ere, euskal errealitatea ezagutzen du; ez dakit soslai hori Patxi Lopezen neurrira egokitzen den, baina».

«Jai egun inposatua»

Estatutuaren Egunari dagokionez, esan du urriaren 25ean ez dela egongo Lehendakaritzak antolatutako ekitaldian: «Ez bainago inposatutako jaien alde». EAJren ordezkaritza bat egongo dela esan du. «Eta horrekin nahikoa izango da». PSEri egotzi dio Estatutuaren bidea baztertu izana. Eta EAJk PSOErekin akordioa lortu izanaren helburua ongi izatean irabazteko izan dela esan du, «gero eta mendekotasun gutxiago izan dadin, eta gaitasun handiagoa eurek euren burua gobernatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.