Aurrekontuak ia %3 jaitsiko dituela iragarri du Nafarroako Gobernuak

Krisi ekonomikoari aurre egiteko neurri bereziak hartuko dituzte, Gobernuaren diru sarrerak murrizuko direla uste dutelako

AGENTZIAK IRUñEA
2008ko irailaren 11
00:00
Entzun
Krisi ekonomikoak eragin egin dio Nafarroari ere, eta aurrekontuetan murrizketa egitea erabaki du Gobernuak. Hala, 2009ko aurrekontuak «neurrikoak» izango direla diote. Aurtengo aurrekontuekin alderatuta, %2,94 gutxiago gastatuko dute, eta 4.161,1 milioi euro erabiliko dituzte.

Nolanahi ere, zifra horrek ez du kontuan hartzen inflazioa; eta aurtengo inflazio aurreikuspenek nabarmen handitzen dute aurrekontuetako jaitsiera horren eragina. Nafarroako Gobernuaren aurreikuspenen arabera, %4 ingurukoa izango da urte bukaerako inflazioa. Hala,jaitsiera erreala %7 inguruan geldituko litzateke.

Urtetik urtera gehitu egiten da aurrekontuetara bideratutako dirua, normalean, eta egoera ekonomikoak bultzatuta,norabide aldaketa egingo dute aurtengoan. 2005etik 2008ra arte %32,7 igo dituzte aurrekontuak, orotara. Igoera handiena Foru Hauteskundeak izan ziren urtean egin zuten, alegia 2007ko aurrekontuetarako. %15,4 euro gehiago bideratu zituzten urte hartan. 2006an %7,4 gehitu zituzten eta 2008an, berriz, % 9,9.

Gizarte politikei eutsiko die

Datorren urtean Nafarroako Gobernuaren diru sarrerak gutxitu egingo direla espero dute, eta horregatik, bilera berezia egin zuten atzo, aurrekontuetan jarraitu beharreko irizpideak onartzeko. Alvaro Miranda Ogasun eta Ekonomia kontseilariak eman zuen neurrien berri, eta esan zuen datorren urterako aurrekontuak konprometituak izango direla «hiritarrekin eta ekonomiaren berraktibatzearekin». Aurrekontu berriak gastu publikoan eraginkorrak izango direla aurreratu zuen; gizarte politikei eutsi egingo dietela, eta, halaber, ekonomia suspertzeko neurriak bultzatuko dituztela.

Neurrien artean iragarri ditu familiei eta enpresei zerga pizgarriak emango zaizkiela; enpresen sektorean zergak gutxituko dituztela; Nafarroa 2012 Planean inbertsio publikoa egingo dutela eta Herri Ogasunen Funtsean zein Azpiegituren Planean diru gehiago jarriko dutela.

Dirua nondik murriztuko duten ez zuen jakinarazi Mirandak, baina Miguel Sanz gobernuburuak joan zen igandean esan zuen diru gehiegi bideratzen zela euskarara. Dirua ingelesaren gisako «Europako hizkuntza komentzialetara» bideratzea hobetsi zuen.

Mirandaren esanetan, «aurrekontu onenak» lortu nahi dituzte irizpide berriekin, eta aurrekontu horiek ahalik eta babesik handiena izatea ere nahi dute. Krisi garaian arduraz jokatzeko deia egin du. Aurrekontuak onartzea guztien esku dagoenez, «indarrak batzeko» deia egin die gainerako alderdietako kideei. Krisiari erreferentzia eginez, egoera «konplexua» dela onartu du, baina ez dela «hondamenezkoa» ohartarazi du.

Mirandaren arabera, PSNk dagoeneko ezagutzen ditu UPNk proposatutako datuak, eta orain, Gobernuko sail guztietara igorriko dituzte, aurrekontuen aurreproiektua egin aurretik.

Aurreikusten duten 4.161,1 milioi euroko aurrekontua «errealista» da, Mirandaren esanetan. Aurreikuspenen arabera, 3.304,5 milioi bilduko dituzte herritarren zergetatik, 196 milioi euroko zorra jaulkiko dute, 2009an 442,3 milioi euroko irabazi fiskala izango dute, eta 218,3 milioi pilatuko dituzte zehaztu ez dituzten beste sarrera batzuetatik.

Gastatuko dituzten 4.161,1 milioi eurotatik 1.089,4 milioi irabazi fiskaletara zein banatu ezin daitekeen aurrekontuetara bideratuko dituzte; 1,559,9 langileen gastuetara eta 1.911,8 exekutiboaren gastuetarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.