Gasteizko Udaleko Ogasun Batzordeak bilera egin du, eta EAJk eta PSEk osoko zuzenketa aurkeztu diote Javier Marotoren gobernuak aurkeztutako aurrekontu proiektuari. Babesik gabe, proposamena erretiratu du PPren gobernuak, baina erabaki hori Udalbatzak berretsi beharko du orain. Hala, 2014ko aurrekontuak izango ditu Arabako hiriburuak 2015ean ere.
Ez da lehen aldia izango Marotok kontuak luzatu beharko dituela, hala egin baitzuen 2012an 2011koekin. Hurrengo bi urteetan EAJrekin adostu zituen aurrekontuak, baina, Arabako kontuekin gertatu bezala, EAJk ez du babestuko datorren urterako proposamena.
EAJk azaldu du Marotorekin aurrekontuak adosteko asmoa zuela, baina hark ez duela bilerarik antolatu horretarako; hortaz, Maroto bera jo du aurrekonturik ez izatearen "erantzule bakartzat".