09:30ean hasi da Nafarroako Parlamentuko osoko bilkura, eztabaidaren lehen puntuan aurrekontuen onarpena dutelarik, eta ia 12 ordu beranduago onartu dituzte.
4.005 milioi eurokoa izango da aurtengo aurrekontua, baina finantza kortse handia izango du bere gain. Alde batetik, barne produktu gordinaren %0,3ko defizit helburua bete behar du gobernuak. Bigarrenik, zorraren eta interesen amortizaziora bideratuko den finantza gastua kenduta, gastu-muga 3.505 milioi eurokoa izango da. Diru sailik handiena Osasunak izango du (988 milioi); gero Hezkuntzak (602 milioi) eta Eskubide Sozialak (369 milioi). Inbertsio erreala 95 milioi eurokoa izango da, horietatik 33 milioi osasun sailekoak.
Aurrekontu proiektua defendatu dute gobernua sostengatzen duten taldeek; Geroa Baiko Jokin Castiellak nabarmendu du kontuak "elkarrizketan" oinarritu direla, eta "trantsiziozko aurrekontutzat" jo ditu Ahal Dugu-ko Laura Perezek. Hark leial jokatzeko asmoa azaldu du, akordioa betez gero.
EH Bilduko Adolfo Araizek, berriz, UPNri egin dio kritika: "Ez eskatu guri sei hilabetean zuek hemeretzi urtean egin ez duzuena, baina denbora dugu". Ezkerrako Jose Miguel Nuinek gogora ekarri du aurreko gobernuaren "kudeaketa txarraren" dirua ondo letorkeela orain.
Kexu azaldu da oposizioa, ordea. Adanero (UPN): "Hau zen dena? Honetarako hainbeste? Non daude iraganean aurkeztutako ehunka zuzenketak?". Ainhoa Unzuk (PSN) "dena gelditzea" baina "alternatibarik" ez edukitzea egotzi die gobernua babesten duten taldeei, eta antzera jardun du PPko Ana Beltranek: "Ongi etorriak errealitatera. Orain jabetu zarete. Ez dagoen tokitik ezin da atera".
3.897 milioi euroko aurrekontu aurreproiektua onartu zuen azaroan gobernu kontseiluak, baina kopuru hori igo egin da zuzenketak barneratu eta gero. Aurrekontuen inguruan xehetasun ugari azaldu zituen Manu Aierdi Ekonomia kontseilariak igandean BERRIAk argitaratutako elkarrizketan. Eztabaidaren berri eman du Joxerra Senar BERRIAko kazetariak.
Urtarrilaren 18tik 22ra bitartean legebiltzarreko Ogasun eta Finantza Politika Batzordeak eztabaidatu ondoren erabaki zuten mahai gainean jarritako 485 zuzenketetatik 95 onartzea. Abenduaren 22an, osoko bilkurak baztertu egin zituen hiru alderdi horiek aurkeztutako osoko zuzenketak, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak kontra bozkatuta. Oposizioaren ia zuzenketa denak atzera bota dituzte.