EAEko aurrekontuak

Aurrekontuen inguruan egindako eskaintza "hobe pentsatzeko" eskatu dio SAk Jaurlaritzari

Eusko Legebiltzarreko SA Sozialista Abertzaleak taldeak EAEko aurrekontuen inguruan "gutxieneko adostasuna" lortzeko eskaintza egin zion joan den ostiralean Jaurlaritzako Hiruko Gobernuari. Aurretik, aurrekontu proiektuari ezarritako osoko zuzenketa atzera bota zuen "borondate ona" adierazteko. Dena den, SAk indarkeria gaitzetsi arte ez dutela haiekin negoziatuko erantzun zien Idoia Zenarruzabeitia lehendakariordeak. Eskaintza "hobe pentsatzeko" eskatu dio gaur Jaurlaritzari Jone Goirizelaia SAko legebiltzarkideak.

2003ko abenduaren 15a
15:48
Entzun
Zenarruzabeitiak esan zuen SArekin edozein negoziazio aurrera eramateko ezinbesteko baldintza zela talde horrek, aurrena, ETAren indarkeria gaitzestea. Goirizelaiaren iduriko, Hiruko Gobernuak beste zenbait unetan ez du jarrera hori izan; hain zuzen ere, Lan Harremanetarako euskal esparrua bultzatzeko akordioaren inguruan, eurekin elkarrizketatzeko jarrera izan zutela agertu du Goirizelaiak.

SAko legebiltzarkidearen iduriko, joan den ostiralean egin zuten eskaintzak "ezustean" harrapatu zuen lehendakariordea, eta horregatik eman zien hain erantzun "itxia". "Lehendabizi burura etorri zitzaion erantzuna eman zigun lehendakariordeak, hau da, prentsaurreko guztietan erabiltzen dute leloan oinarritutakoa", esan du Goirizelaiak.

Hori dela eta, beren eskaintzaren inguruan gogoeta sakonagoa egiteko eta "hobe pentsatzeko" galdegin dio Jaurlaritzari. "Zenarruzabeitia andereak eta Gasteizko Gobernuak hobe aztertu behar dute egin zain eskaintza, eta eskaintzaren araberako erantzun bat eman behar dute: gutxieneko akordio posible bat gizarte arloan eta nazio eraikuntzan aurrekontuak hobetzeko balioko duena. Horri buruz pentsatu behar dute", adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.