HEZKUNTZA

Aurrematrikulazio kanpaina baliatu du Berriobeitiko alkateak, PAIren propaganda egiteko

Raul Julio Batorrek (Navarra Suma) gutuna bidali die zendeako gurasoei, ingelesezko hezkuntzaren onurak nabarmenduz eta euskarazko eredua aipatu gabe

Raul Julio Bator (Navarra Suma), Berriobeitiko alkatea. NAVARRA SUMA
Ion Orzaiz.
2020ko urtarrilaren 25a
18:54
Entzun

«Familiek askatasunez aukeratu behar dute beren seme-alabentzako hezkuntza eredua. Eredu hori gaztelaniazkoa izan daiteke, edota PAIren gisako programen bidez osatutakoa [...], horiei esker, gazteek rol aktiboa izanen dute beren ikasketa prozesuan eta nazioarteko pentsaera garatuko dute, etorkizunean lanpostu bat lortzeko aukerak hobetuz». PAI programako ikastetxe baten publizitatea dirudi, baina Nafarroako eremu mistoko udal batek herriko gurasoei igorritako agiri ofizial bat da.

Izan ere, Berriobeitiko alkate Raul Julio Batorrek (Navarra Suma) bere kargua erabili du, aurrematrikulazio kanpaina hastear denean, erdarazko programen aldeko mezua zabaltzeko. Berriobeitiko zendea osatzen duten herrietan, gaur egun, bi haur eskola daude: batean (Berriogoiti), eskolak gaztelaniaz eta ingelesez jasotzen dituzte haurrek; bestean (Artika), euskarazko eredua ezarria dago.

Berriobeitiko Udalak gurasoei bidalitako gutuna, alkateak sinatuta.

Idazkiaren helburua «matrikulazio kanpainaren gainean informazioa ematea» dela aipatzen du alkateak lehen esaldian, baina hortik aurrera, hizkuntz eredu eta programa jakin baten alde hitz egiten du soilik: «Gaur egun, hain eskaera handiko programak izan duen harrera beroa antzeman daiteke matrikula kopuruaren igoeran, [PAI] eskatzen duten familia gero eta ugariagoek frogatu ahal izan duten bezala».

Ahal Dugu: «Euskarafobia dario»

Ahal Dugu alderdiak gogor kritikatu du Berriobeitiko alkateak zabaldutako oharra. Ainhoa Aznarez parlamentariaren esanetan, Batorren gutuna «onargaitza» da, «bai edukiari bai tonuari dagokionez». Oro har, «karga politikoa eta euskarafobia dariola» uste du Aznarezek:
«Navarra Sumak argi utzi du eskola publikoaren auzian ez zaiola interesatzen sistemaren kalitatea hobetzea, gurasoak eredu linguistiko baten kontra bideratzea baizik». Parlamentariaren ustez, udal batek bidalitako idazki ofizial baten helburu bakarrak izan beharko luke «eskola publikoa sustatzea, eredu edo programa jakin baten alde egin gabe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.