Maria Silvestre. Emakundeko zuzendaria

«Aurreproiektuak ezin zuen aurrera egin Emakunderen oniritzirik gabe»

Indarkeria matxistaren lege egitasmoan egindako aldaketekin pozik dago Emakunde, aurreko ikuspegia «zuzendu» delakoan.

JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Maite Asensio Lozano.
2012ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Indarkeria matxistaren aurkako lege aurreproiektuak ezinegona eragin zuen Emakunden urrian, baina giroa baretu egin dela dio Maria Silvestrek. Zirriborroaren azken bertsioan, institutuak egindako ekarpenak bere egin ditu Eusko Jaurlaritzak, eta testua «hobetu» egin dela ziurtatu du zuzendariak. Atzo eguerdian egin zituen egitasmoari buruzko lehen adierazpenak ohar bidez, eta ondoren erantzun zion BERRIAren deiari.

Lege aurreproiektuaren zirriborroari buruzko zein balorazio egin duzu?

Urrian argitaratu zen testuaren eta orain lantzen ari diren idatziaren artean diferentzia asko daude. Bilakaera horretan, nire ustez, nabarmen hobetu da: indarkeriaren aurkako esku hartzeak berdintasun politiken barruan ezarri ditu, argi. Ildo horretan, pozik nago, hori eskatu geniolako gobernuari. Esan behar dut une oro gobernuaren solaskide izan garela, testua argitaratu zenetik.

Emakundek ez al zuen zirriborroa idazteko prozesuan parte hartu?

Ez. Aurretik ez dugu testuaren berri izan.

Eta Emakundek ez al zukeen parte hartze handiagoa izan behar idazte prozesu horretan?

Hori ez dut baloratuko. Baina, gerora, zuzendu egin da.

Emakunderen iritzia aldatu egin da lehen zirriborrotik hona.

Bai. Lehen zirriborroak kezka eragin zuen, baina azkar hasi ginen lanean, eta testuak konbentzitzen ez gintuela esan genuen une berean gobernua konturatu zen indarkeriari buruzko aurreproiektu batek ezin zuela aurrera egin Emakunderen oniritzirik gabe. Kritikatu egin da Emakunde isilik egon izana, baina guk hitz egin dugu hitz egin behar genuen lekuan. Bakoitzak bere jarrera azaltzeko bidea du, eta gurea negoziazioa izan da.

Zertan hobetu da testua?

Lehen zirriborroan, genero indarkeriari buruzko edukia oso orokorra zen, eta hori mugatu egin da: legeak jada ez du indarkeria matxistaren aurka jarduteko esparrua ezartzen, baizik eta biktimen detekzio, babes eta arretari ekiteko modua. Gainera, lehen testuan, helburuen atalean berdintasun politikak aipatzen ziren arren, artikuluetan salto handia zegoen, puntu batzuetan ez zegoen koherentziarik. Orain hori aldatzen ari gara, aurreproiektua berdintasun politiken esparruan kokatzeko, eta Berdintasunerako Legean jasotako eskubideak ez murrizteko; testuak lege horretako 7. artikuluaren osagarri izan behar du, eta inola ere ez ezabatu, hasieran planteatzen zen bezala.

Mugimendu feministak egitasmoaren ikuspegia kritikatu du, indarkeriaren aurkako estrategia berdintasun politiketatik bereizten duelakoan. Kritika hori ulertzen duzu?

Lehen zirriborroan bai, eta hori da eurek ezagutzen dutena. Baina hori zuzenduta dago. Adibidez, lehen aldaketetako bat izan zen indarkeriarekin lotutako planifikazioa berdintasun esparruaren barruan kokatzea; hau da, Eusko Jaurlaritzaren kasuan, legegintzaldi bakoitzeko Berdintasun Planaren barruan. Ikuspegi aldaketa horren ondorioz, errazagoa izan da planifikazioaren auzia bideratzea, eta nik uste dut hor zeudela Emakunderen funtzioekiko talkak.

Baina legea bera jartzen dute auzitan feministek, indarkeria matxistaren aurkako jarduna garatzeko esparrua Berdintasunerako Legean dagoela argudiatuta.

Ez nago ados; lege honen edukiaren araberakoa izango da hori. Espainiako Estatuan, adibidez, 2004an, indarkeriaren aurkako lege integrala egin zuten, eta 2007an, Berdintasunerako Legea, eta horrek ez du esan nahi lehena bigarrenetik kanpo dagoenik: araua nola definitu da gakoa, zein funtzio, eskubide eta baliabide sortu. Gure Berdintasunerako Legearen 7. artikuluak dio indarkeriaren alorra arautu behar dela; hori lege baten bidez gauzatzen bada, biek osagarri izan behar dute. Hasieran ez zegoen halakorik, baina orain bai.

Kritika batzuk Genero Indarkeriaren Biktimen Laguntzarako Zuzendaritzari buruzkoak dira, hau da, Herrizaingo Sailaren barruko organo batek hartzea indarkeria matxistaren aurkako jardunaren ardura.

Ez nator bat Jaurlaritzaren organigramari buruz egindako kritikekin. Uste dut beharrezkoa zela organo bat koordinatzeko biktimen arreta, zein gobernuaren eskumenak: gizarte zerbitzuak, babes poliziala, jardun juridikoa... Izatez, Emakundek ez du kudeaketa eskumenik, beraz, ez zait inoiz txarto iruditu Zuzendaritza sortzea.

Legea aplika liteke berdintasun teknikariak haren kontra egonda?

Onartuko den testuak ez ditu aurkako jarrera horiek eragingo. Zirriborro berriaren edukia argitaratuko denean kritika gehienak desagertuko direla uste dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.