Ezker abertzaleak agerraldi jendetsua egin zuen atzo Altsasun, orain dela bi urte barne gogoeta hasi zuen areto berean. Hainbat belaunaldietako militante eta preso ohi elkartu ziren Gaurko konpromisoa, biharko Euskal Herria lelopean. Prozesu horrek eman dituen emaitzak txalotu zituzten Txelui Morenok eta Maribi Ugarteburuk, eta, ziklo hori itxita, aro berrian ezker abetzalea "aurrera egiteko prest" dagoela eta "lanak eginda" datorrela esan zuten.
"Blokeo estrategia" haustea izan zuen helburu orain bi urte hasitako prozesuak, eta aurreko aste historikoaren amaieran helburua betetzat jo zuten. Orain egin behar berriak finkatu zituzten: batetik, helburu "taktikoak" lortzeko aliantza politiko eta instituzionalak sortu, gatazkaren konponbide demokratikori dagozkionak, eta helburu "estrategikoak", euskal estatu independente eta sozialista eraikitzea.
Datorren larunbaterako ekitaldi politikoa iragarri zuen ezker abertzaleak, Refena aretoan, Iruñea eta Berriozar artean, eta "euskal independentismoaren oinarri soziala" osatzen duen orori luzatu diote parte hartzeko gonbidapena. Ezker abertzalearen apostu politikoa azalduko dute.