Aurrera jarraituko du Joxe Abaurrea EH Bilduko zinegotziaren aurkako salaketak. Carmen Alba Navarra Sumako Iruñeko zinegotziak auzitara eraman zuen Abaurrea iaz, sanferminetako txupinazoan ostikadak ematea egotzita: «Balkoian nengoen, Abaurrea ikurrina ateratzen ari zela ikusi nuen, eta eutsi egin nuen [bandera]; orduan, ostikoka hasi zitzaidan», argudiatu zuen Albak, eta gaineratu «ubeldura ugari» izan zituela hankan. Albak ikurrina «inposatu» nahia egotzi zion EH Bilduri.
Oraingoz, ez du aurkakorik esan Iruñeko epaitegiak. Hark gaur jakinarazi du delitu zantzuak ikusten dituela EH Bilduko zinegotziaren jokabidean, eta salaketa izapidetzen jarraituko duela. Bi aldeei hamar eguneko epea eman die orain, akusazioa arrazoitzeko ezinbestekoak iruditzen zaizkien idatziak eta frogak aurkezteko. Gauzak hala, Iruñeko Udalak ahozko epaiketa eskatuko duela adierazi du: «ikurrina erakustea eragoztean kolpeak eta hozkadak jasan zituzten udaltzainak ordezkatuko ditu Iruñeko Udaleko aholkularitza juridikoak».
Epaileak auzipetze autoan azaldu duenez, badaude nahikoa adierazpen eta dokumentu jakiteko zer gertatu zen, baita parte hartu zuten pertsonak zein diren jakiteko ere. Dokumentuen artean aipatu ditu Polizien atestatua, medikuen txostenak eta ekintzak argitzen dituzten grabaketak.
Ez hori bakarrik. Autuak dioenez, «lanean zebiltzan Udaltzainek aginduak zituzten legeak onartzen ez dituen banderak eta ikurrak udaletxeko balkoian erakustea eragozteko; Abaurrea oldartu egin zitzaien, borrokatu egin zuen eta erasoak egin zituen autoritateak legez kanpoko bandera zegoen lekutik ken ez zezaten».
Abaurrearen salaketa, artxibatuta
Udaletxeko balkoietako batean, gertatutakoaren harira salaketa jarri zuen bakarra ez zen Alba izan. Maider Beloki EH Bilduko zinegotziari egin zizkioten lesioak epaitegian salatu zituen koalizioak, eta Abaurreak Alba salatu zuen. Epaileak, ordea, bi salaketa horiek artxibatzeko agindu du.