"Aurrerapauso txikia" dela dio Lopezek, baina ETAren amaiera ezinbestekoa dela

Agiriak "terrorismoaren amaiera" hurbiltzen duela esan du lehendakariak adierazpen instituzionalean, baina gaineratu du ETAk ez duela oraindik biolentzia uztea erabaki. Nafarroako Gobernuak dio erakunde armatuaren agiriak "betikoa" dioela; "ETA-Batasunaren hauteskunde estrategia bat da".

2011ko urtarrilaren 10a
08:13
Entzun
Patxi Lopez lehendakariak adierazpen instituzionala irakurri du arratsaldean, eta zuhurtziaz mintzatu da. Gaurko agiria "aurrerapauso txikia" dela onartu du, eta herritarrengan itxaropena piztuko duela esan du. Hala ere, arduraz, zuhurtziaz eta irmo jokatu behar dela esan du; haren hitzetan, ez baita gaurkoa euskal gizarteak entzun nahi duen agiria.

"Askatasunaren garaipena" da gaur ETAk irakurri duen agiria Lopezentzat, eta zuzenbide estatuak eta gizarte osoak egindako presioaren ondorioa dela ere bai. Hala ere, "terrorismoaren amaiera hurbiltzen duen arren" nahikoa ez dela esan du. "ETAk badaki bere amaiera ezinbestekoa dela, baina oraindik ez du horrelakorik erabaki", esan du. "Indarkeria amaitu beste biderik ez du".

Adierazi du gizarte osoak, "baita ezker abertzaleak ere", biolentziari uko egiteko eskatu behar diola ETAri. Gainera, esan du ETAk ezin duela helburu politikorik lortzeko asmorik izan. Biolentzia uztearen aldeko apustua egiten dutenei laguntzea ez du baztertu Lopezek, baina ohartarazi du bide hori biolentzia uzten duten horiek egin behar dutela. Euskal gizartearen etorkizuna erakunde demokratikoetan erabakiko dela gaineratu du. "Askatasunak ez du baldintzarik onartzen".

Goizean Rodolfo Ares Barne sailburuak ere hildo beretik hitz egin du. Lehen balorazioaren arabera, "ez da espero genuen agiria". Arratsaldean prentsaurrekoa emango du. Rodolfo Ares Jaurlaritzako Herrizaingo sailburua Madrilen zen goizean, PSOEren zuzendaritzaren bileran, baina agiriaren berri jakindakoan batzarretik alde egin eta Gasteizera abiatu da.

Javier Caballero (Nafarroako Gobernuko lehendakariordea): "Betikoa da"

"ETAren agiriaren analisia egitea erraza, azkarra eta sinplea da: betikoa da. Ohiko hitz-jarioa eta erretorika du. Ematen du joko bat dela eta joko horretan 'orain hil dezaket eta orain ez' funtzioa hartzen dutela. Euren jarduerari eusten diote, eta xantaia egiteari ez diote uzten". Hala esan du Javier Caballero Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak gaur, exekutiboaren izenean.

"Nafarroako gizarte osoak" ETAren bukaera espero duela adierazi du Caballerok, erakunde armatua "noiz jarriko den Zuzenbide Estatuaren menpe, noiz aitortuko duten egin dituzten basakeria guztiak, noiz eskatuko duten barkamena eragindako odoluste eta samin guztiagatik, eta noiz eskainiko dieten biktimei egindako minaren ordaina", baina Nafarroako Gobernuko ordezkariak azpimarratu du hori guztia ez dela iritsi gaur.

Haren ustez, "ETA-Batasunaren hauteskunde estrategia bat da, eta, bide batez, gero eta argiago dago gauza bera direla. Zuzenbide Estatua ezin da erori eta ez da eroriko tranpa honetan. Hori da erakundeen sendotasuna, hori da Justiziaren sendotasuna, hori da Poliziaren sendotasuna, hori da alderdien batasunaren sendotasuna. Ezin dugu manipulazio horregatik iruzur hori onartzen utzi".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.