Euskal Herri osoko sagardogileak Donostian bildu dira gaur, aurtengo sagar uztaren eta sagardo ekoizpenaren inguruko datuak emateko. Denera 12,2 milioi litro ekoitzi dituzte, sagar urtea izan delako aurten. Egunotan Donostiako Bulebarrean jarri duten Sagar Apurua sagardotegi gisa apainduriko estalpean egin dute aurkezpena.
Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak azaldu duenez, sagardo gehiena herrialde horretan egin dute: 11,3 milio litro, iaurreko urteetan bezalatsu. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan 450.000 egin dituzte, Nafarroan 200.000, Bizkaian 160.200, eta, gutxien, Araban: 110.000.
Sagar urtea izan da aurten, udaberria eguzkitsua izan delako, eta loraldi luzea egon delako, elkarteak zabaldu duenez. Gainera, urrian epel egin duenez, muztioak azkarrago hartzitu du, eta horrek «intentsitate handiko aroma» eman dio sagardoari. Aurtengoak alkohol gutxiago izango du, baina «freskotasun handia» eta «txinparta fina» izango duela adierazi dute.