88 milioi erabiltzaile. Urteko balantzea egitean datu hori lortzea du xede Bilboko Metroak; hartara, iaz baino milioi bat erabiltzaile gehiago ibiliko lirateke aurten Bilboko lur azpikoan. Xedearen berri eman dute 15. urtemugaren harira. 1995eko azaroaren 11n egin zituen lehendabiziko bidaiak metroak. «Ordutik, ez dio hazteari utzi», nabarmendu zuen atzo Bilbon egindako agerraldi batean Iñaki Prego Bilboko Metroko kontseilari ordezkariak: «Egunean 300.000 lagun garraiatzen ditu».
Horri esker 100.000 auto zirkulazioan ibiltzea saihesten dela diote Bilboko Metroko arduradunek. Bidaiariek, gainera, metroak eskaintzen duen zerbitzua aski gogoko dutela diote: batez besteko nota 8,3koa dela nabarmendu dute.
Datu ekonomikoak ere bikainak direla nabarmendu nahi izan dute metroko buruek. Autofinantzaketa %80koa dela esan dute, eta oso datu ona dela hori, Europan, oro har, horrelako zerbitzuetan finantzaketa %50ekoa izaten dela ohartaraziz. «Erronka» nagusi gisara finantzaketari maila horretan eustea dute. Adar gehiagotan zabaldu ahala, ordea, hori zaildu egingo dela diote.
Aurten 88 milioi erabiltzaile izatea du xede Bilboko Metroak
15. urtemuga du aurten Bilboko garraiobideak, 1995eko azaroaren 11n egin zituen lehendabiziko bidaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu