Aurten ere ez da alarde bateraturik izan Irunen San Martzial jaietan: alarde mistoak -soldadu emakumeak eta gizonezkoak- eta tradizionalak -gizonezkoak- bide bera egin dute, baina bi ordutegirekin. Tradizionala 07:40ean irten da Urdanibia plazatik, eta mistoa 10:10 aldera atera da, leku beretik. Arratsaldean ordena alderantzizkoa izan da: mistoa 17:30ean irten da eta tradizionala 18:30ean. Ez da liskarrik izan.
Alarde mistoa Ainhoa Ruiz Arbulok gidatu du, jeneral lanetan; iaz hartu zuen kargua. Urtetik urtera handituz doa alarde mistoan parte hartzen duten lagunen kopurua: iaz 1.170 gizon-emakume atera ziren -2008an baino 124 gehiago-, eta gaur 1.200 izan dira, hamar konpainiatan banatuta. Aurten ere Jose Antonio Santano Irungo alkateak ez ditu udaletxean hartuko; bai, ordea, tradizionalekoak. Hemen 8.000 partaide izan dira parte hartzen.
Aurten eztabaida San Joan plazaren erabilerari buruzkoa izan da. Izan ere, obretan dago. Azkenean, erabili ahal izan dute, baina ez guztia: 2.500 metro koadro, hain zuzen. Lurra asfaltatu gabe dago.
Iaz goiza normal igaro zen. Baina iluntzean, alarde mistoa kalean zela, liskarrak izan ziren. Tradizionalaren zain zeuden herritar batzuk konpainien erdira sartu, eta irainka hasi ziren. Horren ondorioz, nahasmena eta tentsio uneak izan ziren, eta gutxienez haur bat anbulantzian eraman zuten zaurituta.
gizartea
Aurten ere bi alarde Irunen
Alarde tradizionala 07:40an irten da Urdanibia plazatik eta mistoa 10:10ean atera da. Azkeneko hori 1.200 gizon-emakumek osatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu