Aurtengo kanpainan, 390.000 errenta aitorpen tramitatzea espero du Gipuzkoako Foru Aldundiak, aurrekoan baino 4.000 gehiago. Aurreikuspenen arabera, zergadunen %76,4ri dirua jasotzea egokituko zaie. Guztira, 325 milioi euro itzultzea aurreikusi du Ogasunak. Dirua jasoko duten aitorleek, batez beste, 1.092 euro jasoko dituzte. Alabaina, aitorpena egin ondoren dirua ordaindu beharko dutenen kopurua igo egingo da. Aitorleen %23,6 izango dira. Guztira, 161 milioi euro ordaindu beharko dituzte; batez beste, 1.750 euro.
Berrikuntza nagusi bat izango da aurten Gipuzkoan: aberatsenek Aberastasunaren eta fortuna handien gaineko zerga aitortu beharko dute. Ogasunak dio 6.900 zergadunek egingo dutela —2012ko Ondare Zergak 6.648 zergapekori eragin zion—. Batez beste, 6.641 euro ordainduko dituzte, 5.838 euro 2012ko Ondare Zergarekin,. Ondorioz, Gipuzkoako Ogasunak esan du 46 milioi euro jasoko dituela.
Apirilaren 7an hasiko da errenta kanpaina, eta ekainaren 25era arte iraungo du.