Sanferminak

Aurtengo peñetako protagonistak, aldaketa eta Osasuna

Iruñeko Peñen Federazioak sanferminetako pankartetako irudiak aurkeztu ditu gaur goizean. Yolanda Barcinari agurra emateko aprobetxatu dute askok.

Iker Tubia.
2015eko ekainaren 30a
18:07
Entzun

Yolanda Barcina badoa, eta peñek ere agurra eman diote. Hainbeste urtez oihaletan agertu ondotik, aurtengoa izanen da haren azkenengo agerraldia. Hala, aldaketa politikoa eta Osasunako ustelkeria izan dira ia marrazki guzietan agertu diren gaiak. Horrekin batera, CAN auzia eta UPNren orain arteko kudeaketa izan dute hizpide. Gai sozialek ere toki zabala izan dute: Interneteko zentsura, epaiketa politikoak, eraso sexistak, etxe kaleratzeak, ikurren legea... "Hiri edo lurraldeko egunerokotasuna islatzen dute gure pankartek, aldarrikapen eta umore kutsu batekin", azaldu du Itziar Gartzes federazioko kideak. Horrekin batera, inoiz baino marrazkigile gazte gehiago daudela nabarmendu du. Aipatzekoa da La Jarana eta Oberena peñek 75 urte bete dituztela.

Prentsa aurreko agerraldian sanferminetarako antolatu dituzten jarduerak aurkeztu dituzte, eta eraso sexistak ere hizpide izan dituzte. Eraso horiek gaitzetsi dituzte beste behin ere, eta horien aurka lanean ari diren taldeen lana goraipatu dute, batik bat, Iruñeko Udalarena eta Gora Iruñea plataformarena. Bestalde, aurten hainbat omenaldi eginen ditu Peñen Federazioak. Uztailaren 9an peña guziek kalejira eginen dute, eta La Veleta peña gogoratuko dute. Hain zuzen ere, peña horrek 1931. urtean kaleratu zuen marrazkia izanen da kalejiraren buruan. Bestetik, uztailaren 8an German Rodriguez gogoratuko dute, bai zezen plazan, baita oroitarrian eginen duten ekitaldian ere. Azkenik, Juanito Etxepare sanferminetako suziria botatzen zuenari omenaldia eginen diote larunbat honetan.

Peñen eguna

Omenaldia bakarrik ez. Larunbatean peñen eguna izanen da, pankartak jendaurrean aurkezteko eguna. "Aurten, esfortzu handia egin dugu egun hau antolatu eta indartzeko", nabarmendu du Gartzesek. Hala, 08:30ean hasi eta gaueko ordu txikiak arte hainbat jarduera prestatu dituzte. Goizean erraldoi topaketa eginen dute, eta 100 baino gehiago bilduko dituzte 11:00etan abiatuko den kalejiran. 13:00ean txarangak aterako dira kalera, eta ordubete geroago izanen da Etxepareren omenaldia. Bazkaria San Jose plazan eginen dute, eta arratsaldean dantzaldia antolatu dute, Tximeleta taldearekin. Oihalak 19:45ean kaleratuko dituzte lehenbiziko aldiz, eta gauean Tximeleta taldeak dantzaldiaren bigarren saioa eskainiko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.