Aurtengo Iruñeko sanferminek badute jada kartel iragarlea, eta euskarazko izena du: sanmarrazkin. Baina ez da irabazle bat egon, 600 lagunek baino gehiagok parte hartu baitute lanean. Irudian, hondo gorri baten gainean, San Fermin zuriz idatzita agertzen da letra larrietan, eta horren gainean Buztintxuri ikastetxe publikoko ikasle guzien hitzak eta marrazkiak daude. "Haurren sanferminetako esentzia ikus liteke, haurren beraien ikuspuntutik", azaldu du Eneko Uhartek ikastetxearen izenean. Eskolako hezkuntza komunitatearen ekimenez sortutako kartela da. Udaletxean izan dira Buztintxuriko ikasturte guzietako ikasleen ordezkariak.
Joseba Asiron alkateak eta Maider Beloki Kultura zinegotziak eman dute gaur kartel irabazlearen izena. 6.078 lagunek parte hartu dute kartela bozkatzeko lehiaketan, iaz baino 954 gehiagok (%19). Boto guztien %25,9 jaso ditu kartel irabazleak, hau da, 1.575. Bestalde, urtero bezala erakusketa antolatuko du udalak aurkeztu diren beste afixekin ere. Aurten 376 kartel aurkeztu dira, eta horietatik ehun ikusgai izanen dira ekaina erdialdetik uztaila erdialdera.