Ausardiaz jokatzeko eskatu dio Egibarrek Zapaterori

EAJren GBBko buruaren ustez, urtea amaitu aurretik erabaki behar du ETAk, bestela berandu izan baitaiteke

Erredakzioa
2010eko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Urtea amaitu baino lehen ETAk armak utziko dituela adierazten ez badu, ezker abertzaleak zail izango du datorren urteko udal eta foru hauteskundeetan parte hartzea. Hala uste du Joseba Egibarrek, EAJko GBBko presidenteak. «Egoerarik egokiena izango litzateke ETAk urte berria baino lehen behin betiko armen uztea iragartzea, eta ezker abertzaleak legearekiko fidela den fitxa politiko bat aurkeztea. Hala ere, azken baldintza bakarrik beteko balitz, posible ikusten dut ezker abertzalea hauteskundeetan berriro ikustea», esan du buruzagi jeltzaleak ETBn eginiko elkarrizketa batean.

Egibarren aburuz, egungo egoera politikoaren aurrean, Espainiako Gobernuak «ausardia eta lidergoa» erakutsi beharko luke. Hala ere, EAJren buruzagiak dio PPren jarreraz beldur dela alderdi sozialista. Egibarren ustez, normalizazio politikoaren bidean sozialistak urratsak egingo balituzte PPk utzi egingo lioke Eusko Jaurlaritza babesteari.

Era berean, Egibarrek uste duPP eta PSE-EEren hauteskunde-interesek ere baldintzatuko dutela ezker abertzalearen legalizazioa. «Bi alderdi horiek badakite normalizazio politikoarekin jai daukala beraien estrategia politikoak», adierazi du.

Batasuna eskatu du Mendiak

Ezker abertzaleak «urratsak egin» dituen arren, «oraindik ezer berririk ez» duela erakutsi esan du, bestalde, Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako eledunak. Hori hala,gainontzeko indar politikoei «batasuna» eskatu die. «Horrek ekarri gaitu honaino», nabarmendu du.

Mendiaren aburuz, ezker abertzalearen zelaian soilik dago pilota. «Demokrazian parte hartu nahi badute badakite zer egin behar duten», esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.