Datorren astean denda txikiak zabalduko dituzte Austrian. Ekonomia pizten joateko eta nolabaiteko normaltasunera itzultzeko errepide mapa aurkeztu du Vienako gobernuak.
Lehen urratsa 400 metro koadro baino gutxiagoko dendak zabaltzea izango da. Edonola ere, mugak izango dituzte: bezero bakarra hartu ahalko dute 20 metro koadroko. Derrigorrezkoa izango da barruan maskarak eramatea, baita garraio publikoan ere. Gainerako dendak maiatzaren 1etik aurrera ireki ahalko dira, ez bada izurria berriz zabaltzen. Jatetxeak, hotelak eta beste negozioak maiatzaren erdialdetik aurrera zabalduko dituzte.
Eskolak ere apirilaren amaierarako zabaldu nahi dituzte, eta unibertsitaterako azterketak egin egingo dituztela esan du gobernuak.
Edonola ere, ez da ekitaldi publiko handirik baimenduko ekainaren amaierara arte.
Martxoaren 16an ezarri zuten konfinamendua Austrian. 12.000 kasu baieztatu dituzte han, eta 220 pertsona hil dira. Infekzio berriak asko jaitsi dira azken egunotan: %0,8. Herritarrek, halere, aukera izan dute etxetik ateratzeko ibiltzera eta kirola egitera. Konfinamenduarekin jarraituko dute apirilaren amaierara arte.
“Bizitzak salbatu ditugu elkarrekin, eta baldintzak sortu ditugu ekonomia berriz pizteko beste hainbat herrialdetan baino azkarrago eta hobeto”, esan du Sebastian Kurz kantzilerrak.