Gauerdi aldean gertatu da ezbeharra, Hernaniko Osinaga auzoan (Gipuzkoa), 00:30ean. Istripua izan duen autoa baztertu egin da, beste ibilgailu bati bidea uzteko, eta bazter horretatik Urumeara amildu da.
Bidaiarietako bik ibaitik irtetea lortu dute, eta ospitalera eraman dituzte, zaurituta. Ertzaintzak azaldu duenez, 59 urteko bi gizonezko dira: haietako batek bere kabuz lortu du lehorrera iristea, eta bestea larrialdi taldeek atera dute, ibai bazterreko adar batzuei helduta zegoela. Hernaniko kuadrilla batekoak dira istripua izan dutenak; autotik atera direnetako bat Donostian bizi da, eta bestea, Gasteizen.
Emakume bat eta beste bi gizon ere bazihoazen autoan, baina haiek ez dute lortu ateratzea. Autoa uretan igeri gelditu da hasieran, baina gero urperatu egin da, eta bistatik galdu. Bilaketa lana gaitza izan da, korronte biziaren eta errekak puntu horretan zuen emariaren eraginez.
Korrontearen kontra lanean
Ertzaintzaren erreskate unitatea, Gurutze Gorria eta suhiltzaileak aritu dira bilaketa lanetan, goizaldeko ordu biak aldera hasi, eta gaueko bederatziak arte, etenik gabe, hemeretzi bat orduz. Osinagako Loidi baserriaren paretsuan erori da autoa uretara, eta han sei bat metroko sakonera zuen urak. Korronteak behera bultzatzen zituen urpekariak, eta zailtasunak zituzten ur azpian ezer ikusteko.
Uste zuten autoa zubiaren inguruko putzu sakon horretan egon zitekeela, baina, badaezpada, gorpuak autotik kolpez atera eta korronteak eraman balitu ere, Gurutze Gorriko urpekariek Karabelko zubitik gorako tarteak miatu dituzte eguerditik aurrera. Ez dute ezer aurkitu inguru horietan. Arratsaldeko bostak aldera jakinarazi dute autoa atzeman dutela, Loidiko putzuaren inguruan, hasieratik urperatua zegoela uste zuten tokian.
Garabi berezi bat ekarri dute orduan, eta beso luze batekin lortu dute autoa uretatik ateratzea, gaueko bederatziak aldera. Pedro Anitua Eusko Jaurlaritzako Larrialdietako zuzendariak eta Josu Bujanda Ertzaintzako buruak baieztatu dute desagertutako hiru gorpuak autoaren barruan zeudela. Identifikatzeko lanak hasi dituzte, lekuan bertan, eta bukatutzat eman dituzte erreskate lanak.
Uretara erori den autoan zihoazenak Hernaniko kuadrilla batekoak ziren, 56 eta 59 urteren artekoak. Bat Zuian (Araba) bizi zen; beste bat, Donostian; eta azkena, Zarautzen (Gipuzkoan). Sagardotegi batean afaldu zuten, eta etxerako bidean zihoazen. Haien senide eta lagun ugari bildu dira ezbeharraren lekuan, 60 bat lagun, erreskate lanak bertatik ikusteko. Autotik ateratzea lortu duen gizonetako bat ere bertan izan da, ospitalean artatua izan ondoren.