Gaur goizean, 08:05 aldera, bi ibilgailuk aurrez aurre egin dute talka N-636 errepidean, Kanpazar mendateko jaitsieran, Elorrio parean (Bizkaia). Bi autoetako baten gidaria bertan hil da, 30 urte zituen Mungiako gizonezko bat. Autoaren barruan geratu da harrapatuta, eta suhiltzaileek atera behar izan dute. Autoan harekin zihoan 29 urteko emakumea Galdakaoko ospitalera eraman dute. Beste autoaren gidaria onik irten da istriputik.
Errepidea moztu dute goizean, baina bi noranzkoetan ireki dute dagoeneko, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Atzo, berriz, Urruñako D810 errepidean (Lapurdi), Donibane Lohizunerako bidean, 17 urteko motor gidari batek ibilgailuaren kontrola galdu zuen, errepidea bustita zegoela, eta kamioi batekin talka egin zuen aurrez aurre. 12:20 aldera izan zen istripua, E. Leclerc merkataritza guneko biribilgunetik gertu. Euskadi Irratiaren arabera, Ziburuko (Lapurdi) gaztea kamioiaren azpian geratu zen harrapatuta; suhiltzaileek atera zuten, eta bihotz masajea egin zioten, baina bertan hil zen hura ere.