Auto istripu larria gertatu zen atzo eguerdian Legution (Araba). Kamioi batek eta auto batek talka egin zuten, eta kolpe bortitzaren ondorioz, automobilean zihoazen bi pertsonak hil egin ziren. Hantxe bertan zendu ziren autoan zihoazen bi lagunak; larrialdi zerbitzuak heldu zirenerako hilotz ziren.
12:55ean gertatu zen istripua, N-240 errepidean, Elosura doan errepideko bidegurutzean. Kamioia, autoarekin izan zuen kolpearen ondorioz, errepidetik irten zen, eta Legutioko urtegira erori zen; bertatik larrialdi zerbitzuek atera behar izan zuten kamioi gidaria, min hartuta. Gasteizera eraman zuten berehala, Santiago erietxera, bertan arta zezaten; nolanahi ere, arratsaldean jakin zen, ospitalean jarraitzen bazuen ere, zauri arinak baino ez zituela. Automobila, berriz, errepide erdian geratu zen ezbeharraren ostean; larrialdi zerbitzuek atera behar izan zituzten bertatik hildako bi pertsonen gorpuak.
Bi hildakoak nafarrak ziren. Nafarroako Gobernuko informazio iturriek jakinarazi dutenez,biktimetako bat, S.M.B, Iruñean sortua zen 1972an. Bestea, J.L.F, berriz, Lizarrakoa zen sortzez; gazteagoa zen hori, 1985. urtean jaioa.
Isurketa kamioian
Suhiltzaileek aparteko lana izan zuten urtegira eroritako kamioiarekin. Izan ere, kezka eragin zuen. Ibilgailuko gasolinategitik erregaia isurtzen hasi zen, eta isurketa gertatu eta kalte handiagoak saihesteko neurriak hartu behar izan zituzten.
Ezbeharraren ondorioz ertzainek errepidea moztu behar izan zuten tarte batean, eta auto ilarak sortu ziren horren ondorioz. Hiru ordu behar izan zituzten zirkulazioa lehengora itzularazteko; 16:00ak aldera zabaldu zuten berriro ere errepidea. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak aditzera eman du ikerketa abiatu duela istripuaren nondik norakoak argitzeko asmoz.
Auto istripu batean bi lagun hil dira Legution, kamioi bat jo ostean
Bi hildakoak nafarrak dira; kamioiko gidaria Legutioko urtegitik atera behar izan dute, min hartuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu