Auto istripu larri bat gertatu da AP-15ean: andre bat hil egin da, eta gizon bat zauritu
Auto istripu larri bat jazo zen atzo AP-15 errepidean, Noain parean (Nafarroa). Automobil bat errepidetik irten zen, eta arbola bat jo zuen; ondorioz, ibilgailuaren gidaria, 28 urteko emakumezko bat, hantxe bertan zendu zen, eta ondoan zuen pertsona, berriz, 25 urteko gizonezko bat, zaurituta eraman behar izan zuten erietxera: Iruñera eraman zuten, Nafarroako Ospitale Gunera. Guardia Zibilak hartu du bere gain istripuaren nondik norakoak argitzeko ardura. Suhiltzaileek ere bertaratu behar izan zuten; andrearen gorpua ibilgailutik ateratzen lagundu zuten, eta errepidea garbitzen ere bai, zirkulazioa berriro ere bere onera ekarri ahal izateko. Medikuek jakinarazi zutenez, zauritutako gizon gazteak kolpe ugari ditu, horietako bat buruan, baina ez dirudi aparteko larritasunik dutenik.Goizaldean gertatu zen ezbeharra: 06:50 aldera. Barrikan (Bizkaia), berriz, bost lagun zauritu ziren atzo goizaldean auto istripu batean, horietako bi larri. Bi autok elkar jo zuten, eta automobiletatik irten ezinik geratu ziren ibilgailuetako gidariak. Suhiltzaileek atera behar izan zituzten burdina artetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu