Calabozo Kordobako espetxean (Espainia) dago, Euskal Herritik 800 kilometrora. Autoaren gurpil bat lehertu eta bidaia eten behar izan dute istripua izan duten lagunek, Etxerat-en arabera. "Beldur eta tentsio" uneak bizi behar izan dituzte, haiekin zegoen urtebeteko haurraren egoeragatik. Zauri larririk ez dute izan.
Presoak bisitatzeko bidaia "behartuen" arriskuaz ohartarazi du Etxerat-ek, eta, bereziki, haur eta adingabeengan jarri du arreta. "Egoera hau etengabe pairatu behar izateak handitu egiten ditu gaur egungo espetxe politikak presoen senide eta lagunei dakarzkien kostuak, baina espetxe politika hori kudeatzen dutenen eta babesa ematen diotenen erantzukizuna ere areagotzen du" .
Calabozoren lagunek bizi izan duten egoera saihestu ahal zela eta saihestu behar zela azpimarratu du Etxerat-ek. "Baina oraindik ez dago urrunketa desaktibatzeko behar adinako borondaterik", deitoratu du.
Aurreko astean istripua izan zuten Garikoitz Garcia presoaren bi lagunek, Picassenteko espetxetik (Herrialde Katalanak) itzultzean. Denera, bost istripu izan dituzte aurten euskal presoen senide eta lagunek.