euskal herria

Autoa bete elkartasun

Sopuertako lau ikaslek Marrakex arteko elkartasun bidaia egingo dute Renault 4L auto bitan. Helburu argia dute: 20 kilo eskola eta kirol material eramatea hara. Bideoa: irteera, atzo (Argazki Press). [Berriatb]http://www.berria.info/berriatb/2043/[/Berriatb]

Iñaki Larrañaga - Sopuerta
2014ko otsailaren 13a
10:50
Entzun

Sopuerta-Marrakex: Milaka kilometro, lau gazte eta auto bete elkartasun. Horiek izango dira Sopuertako (Bizkaia) San Viator ikastetxeko lau ikaslek atzo martxan jarritako abenturaren trazu nagusiak. Izan ere, Julen Quintanok, Mikel Llamosak, Jon Fernandezek eta Gorka Rekerok Raid 4L Tropic elkartasun lasterketan parte hartuko dute. Helburu argia dute: Afrika iparraldeko umeei eskola eta kirol materiala eskaintzea, eta "inoiz izandako esperientziarik politenetarikoa" bizitzea.

Atzo ekin zioten abenturari, Ander Vilariño gidariaren babespean. Enkarterrietako ikastetxetik Donibane Lohizunera (Lapurdi) arte egin zuten salto, eta han batu ziren Paristik zetozen bidaia lagunekin. Izan ere, ez dira bakarrik joango, Europatik etorritako beste 2.100 kide izango baitituzte alboan. Parisen hasi dute haiek lasterketa. Aurrerantzean hegoaldea izango dute helburu bakar ipar orratzean, datorren 22an Marokoko hiribururik handienera heldu eta etorrera bidaiari ekin arte.

Bi asteko abenturari ekiteko lan mardula egin behar izan dute ikasle eta irakasleek, elkarlanean. Iker Villalba ikastetxeko zikloetako ikasketa buruari otu zitzaion proiektuari lotzea. Aspalditik zeukan buruan auto zahar bat hartu eta heltzen zirenera arte bidaiatzea. Interneten informazio bila hasi, eta Raid 4L proiektua topatu zuen. Mekanizatu taldeko ikasleei proposatu, eta baiezkoa jaso zuen segituan.

Orduantxe hasi ziren "arazoak". Izan ere, Marrakexera arteko bideak zailtasun ugari baditu, Renault 4L batean joan behar izateak are gehiago zaildu du bidaia. Duela sei hilabete erabaki zuten proiektuan parte hartzea. Beranduegi izan zitekeen susmoa zuten, eta horrek orain arteko lana arintzera behartu ditu. Autoak erosi, guztiz berritu, IAT ibilgailuen azterketa teknikoa igaro, eta bidaian beharrezkoa duten dirua lortzeko finantzabide kanpaina bat martxan jarri behar izan dute. Dena erloju orratzen aurka.

"Behin Algeciras eta Tangerko muga zeharkatuta, nork daki zer aurkituko dugun. Lasterketa sei etapatan egongo da banaturik, eta hasiera bakoitzean azalduko digute nora arteko bidea egin behar dugun. Bakarrik dakigu hegoaldera egin beharko dugula", dio Gorka Rekero ikasleak, irribarretsu.

Proiektu hezigarri eta solidarioa dela nabarmendu dute. "Alde batetik, automozio graduko bigarren mailako ikasle guztiak abentura honetan parte hartuko duten bi autoak konpontzeaz arduratu dira, eta, beste aldetik, ukaezina da honek guztiak elkartasun xede bat daukala: hamar kilo eraman beharko dituzte eskola materialean, eta beste hainbeste kirol produktuetan", dio Mertxe Santoveña eskolako ekintzailetza arduradunak.

Autoak BECen (Barakaldo) egin zen Retroclasica azokan jarri zituzten ikusgai. Handik igaro ziren adituek ohartarazi zieten sei hilabeteko epean horiek prest izatea "ia ezinezkoa" izango zela, baina adorearekin aurrera egin, eta dagoeneko Algeciras bidean daude.

Autoak prest izan arte pazientziaren erreserbak xahutu dituztela diote ikasle zein irakasleek. Lan gogorraren ostean, sei hilabeteko lanaz gozatzea geratzen zaie soilik. Lau ikaslek zeharkatuko dute Marokoko basamortua, hala ere, bi auto horietan ikastetxe osoaren ilusioak bidaiatuko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.