Autoak kendu oinezkoak ibiltzeko

Hainbat hiri eta herritan orain arte autoentzako ziren kaleak oinezko kale bihurtzen ari dira koronabirusaren ondorioz. Astelehenetik aitzinera, TAO zerbitzua martxan paratuko dute Hegoaldeko lau hiriburutan.

Bi emakumezko kalean pasiatzen. JUAN CARLOS RUIZ, FOKU
2020ko maiatzaren 8a
17:52
Entzun

Koronabirusak erabat aztoratu du herritarren egunerokoa, baina baita egungo hirigintza eredua ere. Hainbat herri eta hiritan aldaketak egiten ari dira oinezkoen eta bizikleten mugikortasuna hobetze aldera. Hala, orain arte autoek erabiltzen zituzten gune batzuk oinezkoentzako gune bihurtu dira edo bihurtuko dira. Izan ere, pixkanaka gero eta kale gehiago ari dira oinezkoentzako bihurtzen, jendeak segurtasun distantzia gordetzeko tartea izan dezan.

Gasteizko Udala izan zen espaloiak handitu eta oinezkoentzako guneak atondu zituen lehenengo hiriburua. 2,5 metro baino txikiagoak diren espaloiak handitzeko proposamena egin zuen Gasteizko Udalak, eta, gainera, ez zuen baztertu aldaketa horiek behin betiko uztea. 

Bihartik aurrera mugatu egingo du Bilboko barruti guztietako hamahiru eremutan autoak sartzea eta orduko 20 kilometroko abiaduran joan daitezke gehienez. Horrela, oinezkoek leku gehiago izango dute segurtasun tartea zaintzeko. Mugatuko dituzten guneetako gehienek plazak eta parkeak lotzen dituzte.

Iruñean ere aldaketak izanen dira. Oinezkoentzako guneak handituko dituzte, eta hirian batetik bertzera mugitzeko bizikletentzako gune seguruak antolatu nahi ditu udalak. Hala, Sarasate pasealekua oinezkoentzako gune bihurtu dute, eta Yanguas y Miranda kalean eta Armada etorbidean bizikletentzako guneak atonduko dituzte. 

Donostian ere aldaketak iragarri ditu udalak. Hiriko hainbat kale moldatu egingo dira astelehenetik aurrera, kirola egiten edo paseatzen ari direnek segurtasun distantzia mantentzeko lekua izan dezaten. Eduardo Txillidan eta Paseo Berrian mozketak egingo dituzte goizeko lehenengo orduetan, eta Kontxako pasealekuan autoentzako erreserbatutako bideetako bat itxi egingo dute, bizikletek erabiltzeko. Segurtasun distantzia mantentzeko, oinezkoek bidegorria erabiltzen ahalko dute. 

Astelehenetik aitzinera, TAO zerbitzua martxan

Donostiako Udala izan zen TAO zerbitzua martxan paratuko zuela erran zuen lehen udala, eta, geroztik, Bilboko, Gasteizko eta Iruñeko udalek ere erabaki bera hartu dute. Hala, Hegoaldeko lau hiriburuetan maiatzaren 11tik aitzinera ordaindu egin beharko da autoa hirigunean uzteagatik. Kutsatzeak eragozteko, ordaintzeko sakelako telefonoko aplikazioa erabiltzea gomendatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.