«Joan-etorriak egitean ditugun ohiturak ez dira nahiko genukeen bezain iraunkorrak». Hitz horiekin laburbildu zuen Nuria Lopez de Gereñu Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan sailburuak 2007ko EAEko Mugikortasunaren Azterlaneko ondorioak. Autoaren erabilerak %4 egin du gora 2003an egindako azterlanetik. Joan-etorrien %38,8a autoz egiten da, eta garraio kolektiboan egiten diren joan-etorria halako bi egiten dira autoan. Autoz egindako joan-etorriak bakarka egiten dira orokorrean, 1,35 bidaiari baititu batez beste bidai bakoitzean. Hazkundea 2001-2005 epean Barne Produktu Gordinak biztanleko izan duen %28,3 hazkundearekin lotu du Lopez de Gereñuk.
EAEko 2007ko Mugikortasunaren Azterlanaren garrantzia azpimarratu du Garraio sailburuak, etorkizunean neurriak hartzeko tresna baliogarria baita. Hala nola autoaren erabileraren gorakadak agerian utzi du joera hori aldatzeko neurriak hartu behar direla, Lopez de Gereñuren ustez. «Instituzioei dagokie joera hori aldatzea, baina biztanleek ere hausnarketa egin behar dute». Garraio kolektiboen erabilerak gora egin du, baina ez autoek beste: 2003tik %0,7.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleek egiten dituzten joan-etorrien kopuruak gora egin du. Hori da ikerlanaren bigarren ondorio nagusia. Bost urtetik gorako pertsona batek egiten duen bost minutu baino gehiagoko lekualdatzea da ikerlanak jarri duen muga joan etorria zehazteko. Sei milioi tokialdatze egiten dira egunean EAEn, 2,98 pertsona bakoitzeko. Hazkunde adierazgarria gertatu da 2003ko azterketatik, 2,75 lekualdatze egiten baitzuen pertsona bakoitzak, batez beste. Oinez egiten dira lekualdatzeak ia %4 jaitsi dira, baina nagusi izaten jarraitzen dute, hamar bidaietatik lau baino gehiago horrela egiten baitira.
AZPIEGITUREN GARRANTZIA. Toki bakoitzaren azpiegitura eta zerbitzuen eskaintzaren garrantzia azpimarratu du Lopez de Gereñuk. Eskaintzen diren erraztasunak garraiobide zehatzen erabilera errazten du. Bizkaia da horren adierazle argiena, EAEn burdinbidean egiten diren bidaien %83,3 probintzia horretan egiten baitira. Metroaren eta tranbiaren erabilerak dakar datu hori, sailburuaren ustez. Ordea, Donostian eta Gasteizen bizikletaren erabilera Bilbon baino apur bat handiagoa da. «Hiri horietan errazagoa da bizikletaz ibiltzea, horretarako erraztasunak baitaude». 2008tik aurrera Gasteizko tranbiak bide horretan lagungarria gerta daitekeela aurreratu zuen.
Abiadura Handiko Trenak toki bat izan zuen azterlanaren aurkezpenean. Gasteiz, Bilbo eta Donostia arteko garraioa «erraztuko» duela adierazi zuen Lopez de Gereñuk. Hala nola, egunean 46.747 lekualdatze egiten dira Bilboko metropoliaren, Donostiaren eta Arabako Lautadaren artean.
Hiriburuen arteko garraioa txikia da hiriburuetan gertatzen direnekin alderatuta: joan etorri guztien %69 Gasteiz, Bilbo eta Donostian egiten dira, bertan biltzen baitira biztanle gehienak. Probintzia bakoitzaren egituraren araberakoak dira bidaien luzerak ere. Araban hiri barrukoak dira nagusi (%81), Gasteizen baitaude biztanle gehienak. Bizkaian eskualde arteko bidaiak adierazgarriak dira, batez ere Bilbo Handian gertatzen direnak (%32). Gipuzkoan probintzia barrukoak ere azpimarratzekoak dira (%11,4).
BEHARRA ETA ASTIALDIA. Joan etorrien xedeari dagokionez, datuak bertsuak dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horien artean banaketa argia egin daiteke ikerlanaren datuen arabera. Lana eta ikasketekin lotutako lekualdatzeak dira ohikoenak. %30 lana dela-eta egiten dira, eta horietan autoa erabiltzen da batez ere. Ikasketak tokialdatzeen %17,3 dira, eta oinez edo garraio kolektiboan egiten dira batez ere. Beharrarekin lotutako bidaiak nagusi diren arren, astialdiarekin lotutakoak nabarmen igo dira 2003 urtetik. Gaur egun bidaien %22,4 dira, eta oinez egiten dira gehienak.
Autoaren erabilerak gora egin du, eta garraio publikoa halako bi erabiltzen da EAEn
Garraio kolektiboen erabileraren aldeko joera lortu behar dela dio Nuria Lopez de Gereñu sailburuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu