Larunbatean jakinarazi zuen Javier Maroto Gasteizko alkateak autobus geltoki berriari Adolfo Suarez Espainiako Gobernuko presidente izandakoaren izena jartzeko asmoa. Gaur zen horretarako dekretua sinatzekoa, baina, erabakiak eztabaida handia sortu duela eta, dekretua atzeratzea ebatzi du. Oposizioa eta Martxoak 3 elkartea agertu dira, besteak beste, erabakiaren kontra.
"Geltokiko lanak amaituko ditugu eta kudeaketa eredu onena bilatuko dugu. Izena inauguratzean erabakiko dugu, eta nahikoa denbora badugu adosteko", esan du Marotok. Nolanahi ere, gogorarazi alkateari dagokiola erabakitzea kaleen eta instalazioen izenak.
Dekretua atzeratu du, baina geltokiari Suarezen izena jartzearen alde egiteari eutsi dio: "Oposizioaren aurkako jarreraren arrazoiak aztertuko ditut. Geltokiaren izena adostua izatea nahiko nuke, baina eskumena nirea da, eta nire jarrera lehengo berbera".