Autobus gidari bat hil edo bizi dago Baionan, eraso bat jasan ostean

Atzo arratsaldean eraso zioten, eta jipoitu egin zuten. Sindikatuek lanuztera deitu dute, eta autobus zerbitzu guzia geldirik dago gaur goizetik.

2020ko uztailaren 6a
10:44
Entzun

Chronoplus sareko autobusak geldirik dira gaur goizetik, atzo arratsaldean autobus gidari batek eraso bat pairatu zuela eta. Orain arte zabaldutako informazioen arabera, 50 urte inguruko gizonari kolpeka eraso zioten. Larri eraman zuten gidaria osagarri zerbitzuek, eta haren bizia arriskuan dagoela zabaldu dute. France Bleu Pays Basque irratiak zabaldutako informazioaren arabera, autobus atzealdean zegoen gazte talde bat «lasaitzera» altxatu zen gidaria, eta, bere lekura itzultzean, gibeletik kolpeka hasi zitzaizkion. Baionako komisariak hartu du bere gain ikerketa, autobus gidariaren ustezko erasotzaileak aurkitzeko. Atzo arratsaldean 34 urteko gizon bat atxilotu zuen Poliziak, eta beste hiruzpalau pertsona ere atxilotuak direla zabaldu du hedabide batek baino gehiagok.

Erasoa salatzeko, lanetik erretiratzeko eskubidea erabili dute sindikatuek, eta gaur 05:00etatik geldirik dira Baionako hiriguneko autobus guziak. Bihar ere lanuztearekin segituko dute. «Biziki haserre gaude», adierazi du Laurent Weber-ek, Chronoplus enpresako CGT sindikatuko ordezkariak. «Badu hilabeteak zuzendaritzari erraten diogula segurtasun falta handia dugula, eta segurtasun handiagoa behar dugula. Gure lankide bati eraso behar izan diote erreakzionatzeko. Baina, haren egoera ikusita, gure lankidea ez dugu berriz ikusiko lehen bezala».

Weberren hitzetan, azkenaldian gidarienganako presioa emendatu da. «Ez dakit zer gertatzen den. Izan gazteak ala adinekoak, gureganako erasokortasuna emendatzen ari da». Trambusetan egoera okerragoa dela dio, bidaiariak gibeleko atetik sartzen direlako. Halaber, koronabirusak sortutako krisiak ere egoera larritu duela dio.«Egoera berezia da; autobusera igo ahal izateko maskara ematea baitezpadakoa da. Denek ez dute onartzen, eta tentsioak sor ditzake».

Langile guzien izenean segurtasun handiagoa eskatu du: ikuskatze eta kontrol gehiago, eta funtzionatzen duen irrati bat ukaitea. «Gaur egun, eremu anitzetan gure irratiak ez du funtzionatzen. Orduan, erabat bakarrik gaude».

Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria eta Claude Olive garraio politikarako lehendakariordea Chronoplusen egoitzara joan dira goizean, langileekin egotera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.