«Sustoa izan da, baina diruarekin konpontzen dena». Horrela deskribatu ditu Tolosako Udaltzaingoak gaur goizean Gipuzkoako herrian gertaturiko istripua.
08:30ak aldera ziren, hau da, autobus elektrikoak bidaiari asko eramaten dituen ordu bat. Gaur ere beteta zegoen Rondilla kaleko geltokitik atera denean, baina balaztak huts egin du, Udaltzaingoaren arabera, eta autobusak aurrera egin du kontrolik gabe. Seinale bat eta buzoi bat eraman ditu aurrean, eta Ezeiza gozo dendaren atarian amaitu du bidaia. Hango beira apurtu du.
Dezenteko kalteak izan ditu ibilgailuak berak ere. Aurreko eskuineko aldeko karrozeriak beharko du konponketa, eta baita aurreko kristalak ere.
Suhiltzaileak eta anbulantzia bat joan dira istripua izan den lekura, baina, zorionez, inork ez du minik hartu.