Irailetik martxan da Tram'busa Baiona eta Miarritze artean, baina Bizi mugimenduaren arabera, hura egiteko obren ondorioak pairatzen ari dira oraindik, ingurumenaren kalterako; hain justu gaur elkartu dira gogorarazteko Baionako San Leon biribilgunetik goitik autobusentzat eta bizikletentzat zegoen bidea kendu zutela eta "oraino" ez dutela itzuli. Hori salatzeko, bide hori zegoen tokian estaldura laranja bat eta autobusaren eta bizikletaren markak tindatu dituzte gaur mugimenduko kideek. Hainbat pankarta ere jarri dituzte inguruan.
Klima larrialdiari aurre egiteko neurriak hartzea ezinbestekoa dela gogoratuta, Biziko kideek ohartarazi dute horrelako "atzerakadak" onartezinak direla: "Historiaren zentzuaren kontra doaz. Ez gara autobusendako bide propioen kentzeko garaian, eta, alderantziz, ahal bezainbat bide propio gehitzeko garaia da". Oroitarazi dute, gainera, BAM Baiona-Angelu-Miarritze eremuan errepideetako garraioa dela Lurraren berotzean eragina duten emisioen "lehen iturria", eta, beraz, alorreko politiketan aurrera egitea ezinbestekoa dela. "Gure haurrak babes ditzagun arrisku klimatikotik, gure bizi kalitatea hobetu dezagun", erran du elkarteko eledun Marion Picheryk.
Madrilen COP25 klima larrialdiaren aurkako goi bilera egingo da heldu den aste honetan, eta horren harira bi mobilizazio antolatuko ditu Bizik. Heldu den larunbatean, abenduaren 7an, bizikleta bide bat inauguratuko dute Espiritu Sainduko zubian; igandean, berriz, bizikleta martxa egingo dute egun bizikletaz ibiltzea galarazia den bideetan, besta giroan.