Autodeterminazio eskubideak milaka lagun bildu ditu Ordizian

Idiazabalen hasitako ekimena Euskal Herri osoan hainbat esparrutan ezagunak diren pertsonen babesa izatera igaro da

gurutze izagirre intxauspe
Ordizia
2010eko urriaren 17a
00:00
Entzun
Eskozia eta Euskal Herria bi nazio direla eta erabakitzeko eskubidea dutela aldarrikatu dute, eskuz esku, bi nazioetako kulturak uztartuta egin duten egun osoko jaialdian, Ordizian (Gipuzkoa). Autodeterminazio eskubidearen alde, «oinarrizko printzipio baten alde» auzolanean hasitakoa plazaz handitzen joan da. Atzo, Euskal Herri osoko jendea elkartu zen Nazioen Mundua ekimenak antolatutako jaialdian.

Oinarrizko printzipio hori egia bihur dadin herritarrei lan egitera deitu zieten ekimenekoek. Angel Oiarbidek hartu zuen hitza, Nazioen Mundua ekimenaren izenean. Euskal Herria ziklo berri baten atarian dagoela iritzita, herritarrei lema hartzera deitu zien. «Izan gaitezen gure etorkizunaren protagonista. Ondorengoei, gure seme-alabei, giza eskubide zibil eta politikoak errespetatzen diren oinarri demokratiko bat uzten saia gaitezen. Hori izango da utz diezaiekegun ondarerik aberatsena». Txaloka erantzun zuten Ordizian bildutako milaka lagunek. Independentziaren aldeko oihua entzun zen gehien.

Goizetik hasitako jaialdiaren ostean, arratsaldean egin zuten jaialdiaren mamiak zertan zetzan azaltzeko ekitaldia. Oholtzaren aurrera elkartu ziren milaka lagun. Hainbat ordezkari politiko ere jendartean egon ziren. Besteak beste, EAJkoak, ezker abertzalekoak eta Aralarrekoak.

Nazioen Munduak Idiazabalen (Gipuzkoa) du sorrera. 2007an hasi zen, orduko egoera politikoak kezkatzen zituen hainbat lagunek sustatuta. Autodeterminazio eskubidea oinarrizko eskubidea dela iritzita, oinarrizko puntu horretara ahalik eta jende gehien elkarrekin iristea da ekimenaren helburua. Lehen mugarria maiatzean jarri zuten, Beasaingo Igartza jauregian. Euskal Herria nazio bat dela eta erabakitzeko eskubidea duela jasotzen duen agiria izenpetu zuten hainbat esparrutako pertsona ezagunek. Hurrengo urratsa Miramar jauregian egin zuten, Donostian, urriaren 9an, Goierritik nazio mailara igaroz ekimenarekin.

Nazio erakundeak

Euskal Herria nazio gisa egituratzen duten erakundeak tokia izan zuten jaialdian. Udalbiltzak babestu eta Udalbidek lagundu zuen ekitaldia. Loren Arkotxak hartu zuen hitza, Udalbiltzaren izenean. Udalbiltza auzia salatu, eta askatasuna eskatu zuen auzipetuentzat. Udalbiltza aurrera erantzun zioten bertaratuek, aho batez. Eta deia egin zuen: «Euskal Herriko herri guztien artean elkarlana eta harreman dentsitatea aberastu dezagun, herri gisa aurrera egin dezagun».

Txalaparta eta gaita doinuak uztartuta hasi zen jaialdia. Mikel Laboaren martxa baten lehen notak doinuak, haren ahotsean, hunkitu egin zituen bertaratuak txalaparta, gaita eta beste hainbat musika tresnekin. Ikurrin dantzak eman zion amaiera, eskoziarrek eta euskal herritarrek dantzatuta, jendearen txaloen artean.



Indar abertzale guztiak batu ditu erabakitzeko eskubidearen aldarriak

Estatuen jarrerariaurre egiteko gizartea abian jartzea beharrezkoa izango dela nabarmendu dute
Jokin Sagarzazu. Ordizia

Erabakitzeko eskubidearen inguruan alderdi abertzaleen arteko adostasuna handia dela adierazi zuten atzoko jaialdira joan ziren buruzagi politikoek. EAJ, Aralar, EA eta ezker abertzaleko kide andana bildu zen bertan, eta aurrera begira halako ekimen gehiagotan elkar ikusteko asmoa agertu zuten.

Xabier Arzalluz EAJren EBBren presidente ohia izan zen goiztiarrena. «Aurpegiak ikustera nator», zioen. Bere burua politika mundutik kanpo duela adierazi ostean, autodeterminazioaren aldeko ekimenetan «beti laguntzeko prest» egongo dela adierazi zuen. «Gure ordua iritsi da, eta Eskoziarena. Ez da asko falta askatasun osoa lortzeko».

Arzalluz zegoen tokitik ez oso urruti, Tasio Erkizia ezker abertzaleko kide historikoa zegoen. Elkar agurtu zuten eta tarte batez hitz egiten egon ziren. «Siglen gainetik nazioaren aldarrikapenak batzen gaituela ikusteak asko pozten nau», azaldu zuen. Autodeterminazio eskubidearen alde Nazioen Munduko kideek eginiko«lan pedagogikoa» nabarmendu zuen. Erkiziaren aburuz, «bakerako giltzarria eta elkarbizitzarako oinarria» da erabakitzeko eskubidea. «Funtsezkoa da, beraz, gai honen inguruan biltzea».

Ordu batzuk geroago agertu zen Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia, eta antzeko mezua eman zuen. «Nazioaren aldarrikapenaren, erabakitzeko eskubidearen eta oinarri etiko batzuen gainean ere abertzaleok elkarrekin lan egiteko gai garela uste dut».

Orduak aurrera egin ahala, politikarien zerrenda zabalduz joan zen. Besteak beste, EAJtik Joseba Egibar GBBko lehendakaria eta Maria Eugenia Arrizabalaga legebiltzarkidea izan ziren; Aralarretik, Jon Abril koordinatzaileordea eta Oxel Erostarbe legebiltzarkidea; EAtik, Pello Urizar idazkari nagusia; ezker abertzaletik Rufi Etxeberria, Jone Goirizelaia eta Karmele Aierbe. Hamaikabatek eta Alternatibak ere babestu dute ekimena.

Kultura demokratikoa

BERRIAri eginiko adierazpenetan bai Olanok eta baita Erkiziak ere Eskoziako egoera izan zuten hizpide, eta bat datoz bi ideiatan. Batetik, herrialde bakoitzak bere ezaugarri eta erritmoak dituztela nabarmendu dute. Eta, bestetik, Espainiaren eta Frantziaren jarrera salatu dute. «Estatuen ikuspegitik, oso jarrera ezberdina dute. Erresuma Batuak autodeterminazioa printzipio demokratiko gisa ulertzen du, Espainiak eta Frantziak, aldiz, kultura demokratiko kaskarra dute», esan zuen Olanok. Horren harira, gizartea abian jartzea ezinbestekoa izango dela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.