Aberri eguna

"Autodeterminazio eskubidearen aldeko indarren gutxieneko akordioa" behar dela berretsi du ELAk

Igandean izango den Aberri Egunaren harira, idatzia kaleratu du ELA sindikatuak, eta han, berretsi egin dute beraien jarrera: "sindikatua autodeterminazio eskubidea aldezten duten indarren arteko gutxieneko akordio baten alde" dago. Izan ere, beraien iduriko, "soilik horrelako hitzarmen batek lortuko luke herri garen aldetik zor zaigun eskubideen aitorpena lortze aldera beharrezkoa den indar politiko eta soziala lortzeko aukera".

2005eko martxoaren 22a
17:39
Entzun
Espainiako Gobernuan PSOE dagoenetik urtebete pasa den honetan, alderdi horrek "euskal auziaren inguruko kudeaketa oso eskasa egin" duela iritzi diote. "Funtsezko eskubide eta askatasunek urratuta jarraitzen" dutela diote. Beraz, "parte hartze politikorako eskubidea edo adierazpen askatasunaren moduko funtsezko eskubideak gauzatu ahal izateko baldintzak berrezar ditzala" eskatu diote Espainiako Gobernuko presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterori.

Zapaterok azken aldian darabilzkin "kontsulta" eta "euskal herritarren borondatearekiko errespetua" eta antzeko adierazpenak, hauteskunde kanpainaren baitan daude ELAren ustez. Eta, gaineratu dutenez, "Zapateroren egitasmo politikoan estatua da subjektu politiko oso bakarra, eta bere instituzioen esku geratuko da euskal gizarteak bere borondatea noiz, zein baldintzatan, zeri buruz eta zein mugarekin adieraziko ote duen; betiere, estatuak beretzat gordetzen du azken hitza".

Horregatik, beraientzat "nazio eraikuntza aroaren helburu den" autodeterminazio eskubidea lortzeko, beharrezkoa da "autodeterminazio eskubidea aldezten duten indarren arteko gutxieneko akordioa".

Bestalde, azaldu duenez, "ziklo armatua amaitutzat emateko ezinbesteko erabakia berandu baino lehen hartzera animatu nahi du" ELAk ETA. Eta horretarako, "instituzioei eta indar politiko nahiz sozialei dei egiten die beste ziklo politiko baterako trantsizioa erraztu, elkarrizketa eta distentsioa ekarri eta urteetako gatazkaren ondorio pertsonalak eta sozialak leuntzen saia daitezen".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.