Espainiako Estatuaren barruan dauden estaturik gabeko nazioen autodeterminaziorako eskubidea jasoko duen dokumentu bat egiteko, lantalde bat osatu dute Amaiurrek eta Kataluniako ERCk Espainiako Kongresuan, atzo bi indar politiko horietakoordezkariek iragarri zutenez.
Lantaldearen egitekoa dokumentu hori egin eta Espainiako Diputatuen Kongresuan autodeterminazio eskubidea aitortuko duen lege proposamen bat aurkeztea izango da.
Lantaldea Amaiurrek eta ERCk eratu badute ere, kongresuan ordezkaritza duten gainontzeko alderdiei irekia izango da. Era berean, Euskal Herriko eta Kataluniako gizarte eragileentzat ere zabalik egongo da osatu duten lantaldea.
Bi alderdietako ordezkariek autodeterminazioaren aldeko proposamena gainontzeko indar politikoekin adosteko asmoa dute, baina esan dute erreferendumak antolatzea «negoziatu ezin den eskubidea» dela.
Madrilgo Diputatuen Kongresuko areto batean aurkeztu zu-ten egitasmoa, atzo. ERCkoeta Amaiurreko hiruna diputatuk egin zuten agerraldia: Jon Iñarritu, Rafa Larreina eta Iker Urbina Amaiurrekoek eta Teresa Jorda, Alfred Bosch eta Joan Tarda errepublikano katalanek. Iñarrituk eta Boschek egin zituzten ordezkarien bozeramaile lanak.
Bi bozeramaileek azpimarratu zuten gainontzeko alderdiek ere lege proposamenean parte har dezaten lan egingo dutela legegintzaldi honetan, eta euren asmoa «tolesgabetasun demokratikoz» eta «adostasun espirituz» jokatzea dela: «Tolesgabetasun demokratikoz, uste dugulako botoek agindu behar dutela eta herritarren borondateak zehaztu behar duela esparru politikoa eta ez beste ezerk», zehaztu zuen Boschek.
Bi alderdion ustez, autodeterminazioa «batu» egiten duen printzipio bat da, eta «indar kontserbadoreenek ere ados egon beharko lukete horretan». «Ez dakit Mariano Raxoik zergatik ez duen izan behar Espainiako David Cameron», esan zuen Boschek, Erresuma Batuko lehen ministroakEskoziaren independentziaren aurka egon arren haren autodeterminazio eskubidea aitortzen duela gogorarazita.
«Espainiako erresumari proposatzen diogun legea, lehenik eta behin, demokratikoa da», azpimarratu zuen, eta gainontzeko alderdiei irekia dela, abertzaleei bereziki, baina zehaztu zuen autodeterminazio eskubidea «ezin utzizko printzipioa» dela. Autodeterminazioaz ari dela berretsi zuen, «ez alterdeterminazioaz». Azaldu zuen autodeterminazioa dela herri batek bere etorkizuna erabakitzen duenean; alterdeterminazioa, berriz, besteek erabakitzen dutenean herri horren etorkizuna.
Iñarrituk ere berretsi egin zuen lege proposamenak talde parlamentario guztien ekarpenak bildu beharko lituzkeela, eta gaineratu zuen erreferendumerako eskubidea gauzatu ahal izateko Espainiako estatuan ezarri beharreko neurriak bildu beharko dituela proposamenak, autodeterminazioaren filosofiaz gain.
Amaiurreko diputatuak azaldu zuen independentismoa goraldian izatea dela lege proposamena lantzen hasteko arrazoietako bat, «inoiz baino sostengu handiagoa baitu».
Asteon bertan Kataluniako Generalitateak argitara emandako inkesta batean agertu da erreferenduma egingo balitz kataluniarren %51k independentziaren alde bozkatuko luketela.
Atzo Euskobarometroak kaleratutako inkesta baten arabera, berriz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren herenek diote independentistak direla.
Autodeterminazioa bultzatuko dute Amaiurrek eta ERCk Kongresuan
Autodeterminazio eskubidea aitortuko duen lege proposamen bat aurkeztuko dute Espainiako Diputatuen KongresuanLantalde bat eratu dute, eta gainontzeko alderdiei parte hartzera deitu diete
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu