EH BILDU

Autodeterminazioa eta justizia soziala helburutzat jo ditu Laura Mintegik

EH Bilduko lehendakarigaiak iragarri du erabakitzeko eskubidearen arloan beste alderdiekin akordioak bilatzeko prozesu bat hasiko duela. Donostiako Atano III. pilotalekua bete du koalizioak, gaur egin duen ekitaldi nagusian.

2012ko urriaren 6a
06:48
Entzun

"Datorren legealdian alderdien artean akordioak bilatzeko prozesu bat" hasiko du EH Bilduk "autodeterminazio eskubidea praktikara eramateko", Laura Mintegi koalizioko lehendakarigaiak gaur iragarri duenez. Donostiako Atano III. pilotalekuan hauteskunde kanpainako ekitaldia egin du koalizioak, eta bertan nabarmendu du "posible" dela Euskal Herria aske izatea "Europan eta Munduan".

Justizia soziala helburu nagusietako bat dela adierazi du Mintegik, eta Gipuzkoako Foru Aldundia jarri du adibide modura: "Ezkerreko politika egin daitekeela erakusten ari gara, pertsonengan pentsatuz". Gainera, preso gaixoen auzian "prebarikatzea" egotzi dio Espainiako Justizia ministro Alberto Ruiz Gallardoni, eta haien egoera konpondu behar dela erantsi du.

Xabier Isasi Gipuzkoako zerrendaburuak ere hartu du hitza: “Gipuzkoan politika egiteko beste eredu bat abian da; pertsonak eta justizia soziala ardatz dituena. Eta aldaketaren eredua gainontzeko herrialdeetara hedatzera goaz. Beste eredu bat non gehien daukanak gehiago ordaintzen duen. Beste eredu bat non diru publikoaren xahuketa azpiegitura handietan zerbitzu sozialak ziurtatzera bideratzen den”.

Ekitaldian izan da, gonbidatu gisara, Parti Quebecoiseko ordezkari Daniel Turp. “Kanada eta Quebeceko esperientzia azaltzera etorri zaigu, autodeterminaziorako eskubidearen bidean egin duten lana azaltzera, alegia”, esan du Mintegik. Turpek gonbita egin dio EH Bilduri, "independentziaren bidean gogoz" jarraitzeko.

Turpek esan du Espainiak ez duela eskubiderik Euskal Herriaren etorkizunaz erabakitzeko, eta Euskal Herria dela independentzia nahi duen erabaki behar duena: "Benetako demokrazia herrien eskubide horren errespetuan oinarritzen da".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.