Nazioen Mundua elkarteak deituta, ehunka lagunek mosaiko erraldoia egin dute gaur goizean Larraitzen (Abaltzisketa, Gipuzkoa), Txindokiren magalean, Gero eta argiago lelopean. Helburua 2.000 lagun elkartu eta zelai batean boto-ematea irudikatzea zuten antolatzaileek, eta helburua betetzat eman dute emaitzak ikusita.
Goizeko 10:30etan hasi da jaialdia Larraitzeko zelai handi batean. Herritar soilak protagonista dituen eta elkarlanean osatu den mosaiko erraldoia egin da hainbat irudi ezberdin sortuta, autodeterminazio eskubidearen aldeko hainbat mezu zabalduz.
Angel Oiarbide antolatzaileetako batek BERRIA.INFOri jakinarazi dionez, oso pozik daude emaitzarekin. "Autodereminazio eskubidea bermatzeko beharrezkoa dena irudikatu nahi izan dugu: hautestontzia eta botoa batetik, eta borondatea, bestetik", adierazi du.
Mosaiko erraldoia osatu ostean, jaialdiak jarraipena izan du. Bazkal aurretik festa giroa izan da taberna, pintxo eta musikariekin. Eguerdiko 14:30etan herri bazkaria egin da Abaltzisketako pilotalekuan. Bazkalostean festak eta aldarriak jarraitu dute kantu, txaranga, musika, bertsolari eta abarrekin.