Koronabirusa

Autodiagnostikorako testetan izandako positiboen berri emateko esteka bat ahalbidetu du Osakidetzak

Gainera, COVID-19an positibo eman duen norbaiten kontaktu estua izandako pertsonak Osakidetzarekin harremanetan jartzeko aukera izango dute, Internet bidez. Euren datuak eman eta gero, ordua eska dezakete proba diagnostiko bat egiteko.

Beñat Mujika Telleria.
2021eko uztailaren 30a
14:47
Entzun

Gipuzkoako Farmazialarien Kolegioko zuzendari Miguel Angel Gaztelurrutiak Berriari aurreratu bezala, Osakidetzak webgune bat ahalbidetu du autodiagnostikorako testetan agertzen diren positiboak jakinarazteko. Positibo horien kontaktu estuetarako ere balio du estekak.

Orain arte ez zegoen protokolorik indarrean, eta positibo ematen zuten pertsonak etxean gelditu beharra zeukaten, eta telefonoz euren osasun zentroetara deitu. Farmazialariek behin eta berriro eskaini dute euren burua positiboen komunikazioan laguntzeko, baina, horretarako, «ez dituzte aintzat hartu», Kolegioko zuzendariak adierazi duenez. Hala ere, positibo horiek ustezko positibo izango dira, harik eta PCR bat egin arte.

Bestalde, Osakidetzak eta Osasun Sailak ostiral honetan jakinarazi dutenez, COVID-19an positibo eman duen norbaiten kontaktu estua izandako pertsonak Osakidetzarekin harremanetan jar daitezke Internet bidez, eta ordua eska dezakete proba diagnostiko bat egiteko. Horrela, hemendik aurrera, holako egoera batean daudenek Interneten jarritako inprimaki bat betetzeko aukera izango dute. Neurri horrek aztarnarien lana «erraztuko» du, eta proba diagnostikorako sarbidea «azkarragoa» izango da.

Inprimaki horretan, datu pertsonalak eta harremanetarako datuak ematen dira, eta hainbat galdera egiten: txertoa jarrita daukaten ala ez, eta dena delako pertsona kutsatuarekin izandako azken harremanaren data eta harreman mota zehaztu behar dira. Gainera, Osakidetzak azpimarratu du proba diagnostiko hori egin arte bakartuta egon beharko dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.