Autogobernua kontsentsuz defendatzen dela dio PSE-EEk, "ez Ibarretxek asmatutako gatazkekin"

PSE-EEren Arabako zerrendaburu Txarli Prietoren hitzetan, Gernikako Estatutu osatzea da bidea, alderdien artean elkarrizketak, negoziazioak eta itunak eginez. Aldaketarako eta "euskal politika oxigenatzeko" beharra aldarrikatu du.

2009ko otsailaren 25a
18:00
Entzun
PSE-EEren Arabako zerrendaburu Txarli Prietok gaur esan duenez, "Euskadiren autogobernua defendatzeko" Gernikako Estatutu osatzea da bidea, "alderdien artean elkarrizketak, negoziazioak eta itunak eginez, eta ez Ibarretxek asmatutako gatazkekin".

PSE-EEk Eusko Legebiltzarraren aurrena egin du ekitaldia, Gasteizen. Leku horrek, Prietoren ahotan, "benetako subiranotasuna, ez asmatutako subiranotasuna" sinbolizatzen du; "elkarrizketa, eta ez bakarrizketa; terroristen eta hauen konplizeen aurrean bizitzaren eta askatasunaren defentsan irmotasuna, eta ez epeltasuna sinbolizatzen ditu", erantsi du.

Gaurko ekitaldian Prietoren ondoan agertu dira Arabako hautagai zerrendan ere ageri den Oscar Rodriguez, Espainiako Senatuko presidente Javier Rojo eta Gasteizko alkate Patxi Lazkoz.

"Nazionalistei erakutsiko diegu nola defendatzen den autogobernua, Euskadiri munduan prestijioa ematen, bere kultura, paisaia, abegikortasuna, produktu eta enpresengatik, eta ez [EAJko jarduneko lehendakari] Ibarretxek egiten duen bezala, asmatutako gatazkekin eta argitu gutxi batzuen miseriekin", azaldu du Prietok.

Honen iritzian, hauteskunde kanpaina honetan "Ibarretxek ordezkatzen duen muturreko nazionalismoaren bi mito" erori dira: "Batetik, bere subiranotasunaren, bere plan eta kontsulten beharra —EAJk lotsatuta ezkutatu ditu orain—, eta, bestetik, lehendakariaren elkarrizketarako gaitasuna, uko egin baitio [PSE-EEko hautagai] Patxi Lopezekin aurrez aurreko eztabaida izateari".

Kritikatu du EAJk eta honen hautagaiak "beldurra" erabiltzea eta esatea haiek bakarrik defendatuko dutela autogobernua. "Gezurra da sozialistok gobernatzen badugu erabakiak Madrilen hartuko dituztenik", nabarmendu du PSE-EEko hautagaiak. "Euskal sozialismoak Euskadiko erabakiak Euskadin hartzen ditu, herri honetako alderdirik zaharrena garelako".

Dimisio kontuak eta EAE "oxigenatzeko" beharra

Espainiako Justizia ministro Mariano Fernandez Bermejok dimisioa eman izana —PPren presioengatik— ere hizpide izan du Prietok. Izan ere, Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epailearekin batera, Madrilgo PPren ustelkeria kasu bat ikertu aurretik, eginiko ehizaldi polemikoaren ondoren eman zuen Bermejok dimisioa joan den astean. "Espainian ministro batek ehizean hartutako irudi batengatik dimititzen duen bitartean, Euskadin ez dute dimisiorik eragin Guggenheim museoan, Balentziaga museoan eta Irungo eta Bizkaiko Ogasun bulegoetan atzemandako irregulartasunek", salatu du, EAJ inplikatuta dagoen auzi polemiko horiek aletuta. EAJri "erantzukizunei aurre ez" egitea leporatu dio hala.

Horiek hala, aldaketarako eta euskal politika "oxigenatu eta duintzeko" beharra aldarrikatu ditu Prietok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.