"Euskadiren autogobernuan urrats berria egitera zuzenduta dagoen bide orria erabaki dugu, datozen lau urteetarako", azaldu du Koldo Mediavilla EAJren EBBko idazkari nagusiak, Batasuna eta indarra izeneko txostena osatu ostean emandako prentsaurrekoan. Bere esanetan, honako gakoak ditu dokumentuak: "Euskadi eta Espainiaren arteko aldebiko harremana", erabakitzeko eskubidearen onarpena zein aplikazioa, eta hura marko juridikoan txertatzea.
Iruñeko Baluarten ari da Batzar Nazionala egiten EAJ, eta han bozkatu dute Batasuna eta indarra txostena. Aldeko 318 boto eta lau kontrako jaso ditu.
Guztiok bat lelopean ari dira egiten batzar nagusia, gaur eta bihar; alderdiaren zazpigarrena da. Iruñeko Baluarte jauregian bilduko dira alderdikideak, 1977an EAJk eginiko batzar nazionalari keinua eginez. Batasuna eta indarra izan zen batzar horretarako erabili zuten leloa, aurtengoak bezalaxe.
Gizarte segurantza berri bat ere proposatzen da txostenean.