Autogobernuaren alde daude EAJ, PSE-EE, PP, EA, EB eta Aralar. Hala esan dute ETBren aurreneko hauteskunde eztabaidan. Hala ere, argi gelditu da bakoitzak bere modura ulertzen duela autogobernua. "Zenbat eta autogobernu handiago, ongizate handiagoa", esan du Juan Jose Ibarretxe EAJren lehendakarigaiak; "Gernikako Estatutuak bermatzen du autogobernua", azaldu du Andoni Unzaluk, PSE-EEren hautagai independenteak; "autogobernua gure marko juridikoaren barruan behar da", azpimarratu du PPren hautagai Laura Garridok; "marko hau agortuta dago, eta erabaki eskubidea jasoko duen beste marko bat behar da", aldarrikatu du Unai Ziarreta EAren hautagaiak; "autogobernua baliagarria izan den arren, 36 transferentzia emateko daude oraindik", ekarri zuen gogora EBko hautagai Mikel Aranak; eta "gizartearen gehiengoak burujabetza nahi du", zehaztu du Aralarreko hautagai Aintzane Ezenarrok.
Hauteskunde kanpainako eztabaida egin zuten atzo sei hautagai horiek EiTBren Miramongo egoitzan. Ezker abertzalea ez dute gonbidatu eztabaidara, eta ez da han izan. Jaime Otamendi eztabaidako moderatzaileak esan bezala, bozetara "aurkez litezkeenak" batu dira.
Indarkeria eta bakea gaia jarri zietenean atera dute Espainiako Alderdien Legearen gaia. Ibarretxek legearen kontra dagoela argitu ostean, lege hori "komeni zaien eran" erabiltzea egotzi dio PSE-EEri. Ezker abertzalearen botoak baliatzen dituena EAJ dela erantzun dio Unzaluk, lehendakaritzara iristeko eta Estatutu Berrirako Proposamena zein Kontsultarako Legea aurrera ateratzeko ezker abertzalearen botoak jaso zituela aurpegiratuz. PSE-EEk lortu nahi duena "Alderdien Legea inork ez baliatzea" dela azaldu dio. Alderdi batzuek bozetara ezin aurkeztea onartezina dela uste du Ziarretak, eta "errezeta zaharrek" ez dutela balio dio. Legez kanporatzeak amaitu egin behar direla esan du Aranak ere, baina EBren ustez "inflexio puntua" ETA desagertzean dago.
Eztabaida bizia izan da. Bost gai nagusi eman dizkie Otamendik hautagaiei, eta minutuko txandak izan dituzte. Elkarri eztena sartuz ere jardun dira, eta batak besteari galderak ere egin dizkie. Erantzunak komenientziaren arabera etorri dira; galdera batzuei erantzun diete, eta beste batzuei ez. Ibarretxeren kontra aritu da batez ere PSE-EEren hautagaia. Ibarretxeri hitza ere moztu dio kasu batean. EAJren lehendakarigaiak birritan esan dio, irribarrez: "A zer nerbioak! Lasai!".
Abertzaleek elkar hartuta aritzeko beharra behin eta berriz azpimarratu du Ziarretak, EAk kanpainaren aurretik darabilen polo subiranistaren gaia eztabaidara ekarriz. Abertzaleek indarrak batuta aritu behar dutela ados dago Aralar ere, baina Ezenarrok Ziarretari gogora ekarri dio, dagoeneko horretan ari direla. Esate baterako, Kontsultaren Legea onartzerakoan abertzale guztiek elkarrekin jokatu zutela azpimarratu du, EHAK-k ere boto bat eman zuela akordura ekarriz. Gainera, elkarlan hori "inor baztertu gabe" egin behar dela ohartarazi dio Aralarrek EAri.
EAren asmoa ez da inor baztertzea, Ziarretaren esanetan; "EAJ ere ildo soberanista honetara ekarri nahi dugu", esan du. Baina, Kontsultaren Legearekin gertatu dena ikusita, bake eta subiranotasunaren bidean "bakarrik" geratu direla uste du, "beste batzuetakin": "EAJk zer nahi du? Kontzertu Politikoa 2020rako? Zer da hori?". Bere esanetan, hauteskunde hauetan jokoan dago: "Autogobernuan aurrera joan, edo atzerantza egin autonomismoaren eskutik". Bigarren bide horretatik, EAJk PSE-EErekin akordioa egiteko arriskua dagoela uste du.
Euskararen "inposizioa"
"Euskaldunen eskubideak bermatzeko, ez dago euskara inposatu beharrik", esan du Laura Garridok, Hezkuntza eta Kultura gaia jarri dietenean. Horrek abertzaleak sutzea ekarri du. Euskaldunak hitz horiek entzunda "berotu" egiten direla ohartarazi dio Ezenarrok, euskal hiztunek adibidez medikuarenera joaten direnean dituzten arazoak gogora ekarriz. Legea ez betetzea aldarrikatzea egotzi dio. Gaur egungo hezkuntza sistemak ikasleek euskara ikastea ez duela bermatzen azpimarratu dute Ziarretak, Ezenarrok eta Aranak. Eta, euskararekin kanpainan bakarrik akordatzea egotzi die Ibarretxek PP eta PSE-EEri.
"Familia umiletako seme-alabek inglesa ondo ikastea lortu behar dugu", esan du Unzaluk. Patxi Lopez lehendakari izanez gero, gazteleraz ikasi nahi duenak aukera izango duela azpimarratu du. Baina hiru hizkuntzak bultzatu behar direla esan arren, euskarari buruz, zehaztasunik ez.
Autogobernuaren alde bai, baina bakoitza bere erara
Hauteskunde kanpainako aurreneko eztabaida egin du EiTBk hautagaiekin, ezker abertzalearen parte-hartzerik gabe. EAJ, EA, Aralar, EB, PSE-EE eta PPko ordezkariak aritu dira hizketan, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara "aurkez litezkeenak", moderatzailearen arabera. Autogobernua, Alderdien Legea eta euskara izan dituzte hizpide, besteak beste. Esaterako, euskararekin kanpainan bakarrik akordatzea egotzi diete PP eta PSE-EEri. Eztabaida bizia izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu