euskal herria

Autogobernuaren inguruan Urkulluk jarrera "neurtua" izatea espero du PSE-EEk

Datorren urte politikoan Eusko Jaurlaritzak autogobernuari buruzko txostena landuko du. CiUk Kataluniako azken bozetan jaso duen “zartadak” Iñigo Urkullu “jarrera neurtuago bat” hartzera “behartu” beharko luke, PSE-EEren ustez.

2013ko abuztuaren 28a
15:00
Entzun

Jose Antonio Pastor Eusko Legebiltzarreko PSE-EEko bozeramaileak jakinarazi du autogobernuaren txostenaren inguruan PSE-EEk izango duen jarrera EAJren helburuen araberakoa izango dela. Haren ustez, CiUk azken hauteskundeetan jaso duen “zartakoak” EAJ ohartarazi beharko luke.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak autogobernuaren etorkizunaz eta 1979ko Estatutuaren erreformaz hitz egin nahi badu PSE-EE eztabaidatzeko “prest” egongo dela azaldu du Pastorrek: “Ondoren bakoitzak interpretazio propioa egingo du, autogobernua ulertzeko askotariko moduak baitaude”. Helburua “diskurtso independentista bat” proposatzea bada, ordea, ohartarazi du PSE-EEk ez duela parte hartuko.

Urkulluk “Juan Jose Ibarretxek egin zuen hutsa ez errepikatzea” espero du Pastorrek, haren iritziz independentziak “euskal gizartea bi mundu kontrajarritan” banatuko bailuke: “Iraganeko eskema zaharrak errepikatu nahi badituzte, bi mundu kontrajarritan banatuko dute euskal gizartea: independentzia nahi dutenen eta Espainiarekin eta Europarekin batera Euskadik etorkizuna eraikitzea nahi dutenen artean”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.