EH Bilduko bozeramaile Laura Mintegi prentsaurrean agertu da, jakinarazteko zeintzuen agerraldiak eskatuko dituen autogobernuaren inguruan eztabaidatzeko Eusko Legebiltzarrean sortutako lantaldean. Alex Salmond Eskoziako lehen ministroa, Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidentea, Juan Jose ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia eta Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagiak lantaldean hitz egin dezatela proposatu du koalizioak.
Martxoaren 27an sortu zen lantaldea, eta aprilaren 9an egingo du bilera. Bertan, lanerako proposamenak egingo dituzte taldeek. EH Bilduk eskatu du ekaina eta abenduaren artean egin ditzatela agerraldiak, hortik aurrera estatus aldaketari buruzko proposamen zehatz bat lantzen hasteko.
"Euren estatutu subiranistak lantzen ari diren beste nazio batzuen esperientziak" ezagutu nahi ditu koalizioak. ANC Kataluniako Biltzar Nazionaleko presidente Carme Forcadell eta Parti Quebecois-eko kide Daniel Turp ere lantaldean mintzatzea galdegin du EH Bilduk.
Otegi preso dago Logroñoko espetxean, eta, beraz, espetxe zaintzako epailearen oniritzia beharko luke legebiltzarrera joateko. Mintegik azaldu duenez, Otegiren eta Ibarretxeren agerraldia proposatzearen helburua da 2003ko estatutu proiektuak eginiko bidearen inguruko ikuspuntua azaltzea. Proposamen hura 2004 amaieran onartu zuen Eusko Legebiltzarrak, baina atzera bota zuen Espainiako Kongresuak bi hilabetera.