Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Parlamentuak eginiko subiranotasun adierazpena baliogabetu ondoren, gaur goizean eratu dute Eusko Legebiltzarrean autogobernuari buruzko lantaldea. Ateak itxita bildu dira, baina, zabaldu dutenez, apirilaren 9an bilduko da berriro lantaldea, lan egutegia zehazteko.
EAJko Eusko Legebiltzarreko bozeramaile Joseba Egibarrek nabarmendu du legeria "herritarrek aske eta demokratikoki adierazitako borondatera" egokitu behar dela, eta ez alderantziz: "Hori da Kanada, hori da Quebec, hori da Eskozia; printzipio demokratiko hori onartzea".
EH Bilduk ohartarazi du ez duela onartuko "Espainiako legeriak inposatu nahi duen mugarik", eta gaineratu euskal herritarren borondatea dela "muga bakarra". Hasier Arraiz EH Bilduko legebiltzarkideak dei egin die gainontzeko alderdiei Kataluniako prozesu subiranistaren "lezioaz" ikastera, "oztopoen" gainetik.
PSE-EE prest agertu da autogobernuan "sakontzeko", baina hori soilik "egungo legeriatik" abiatuta egingo duela ohartarazi du: "Ez dugu inor engainatu nahi; prest gaude autogobernuak eman dezakeenaz hitz egiteko, baina beti egungo legeriaren barruan".
Jose Antonio Pastor PSE-EEko Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak "arduraz" jokatzeko eskatu die gainerako alderdiei, "akordio ahalik eta zabalena" lortzeko. Haren iritziz, estatutuaren balizko erreforma batek 1979ko estatutuaren "adostasun maila bera" izan beharko luke gutxienez.
PPko bozeramaile Borja Semperrek eskatu du autogobernuari buruzko lantaldeak ez dezala "sakondu" euskal herritarrak "banatzen" dituzten elementuetan, eta autonomia estatutuaren hobekuntzan jardutera dei egin du. Azaldu du PPk jarrera "eraikitzailea" izango duela lantaldean, "adostasunak bilatzeko borondatearekin".