Ia berrogei minutuko atzerapenez, 16:40 inguruan, abiatu da Baionako Euskaldunen plazatik Ipar Euskal Herriarentzat autonomia eskatzen zuenmanifestazioa. Hain zuzen ere, Autonomia jartzen zuen pankartak zabaldu du manifestazioa, eta Iparraldeko mugimendu abertzalean ezagun diren hainbat lagunek eraman dute, hala nola, Manex Pagolak, Txomin Peillenek, Mattin Etxeparek, Koldo Gorostiagak, Ixabel Etxeberriak, Maite Goienetxek eta Mirentxu Lakok. Haien atzetik ehunka lagun, 800 bat guztira.
Ibilbideako puntu batean Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearen argazki handi bat jarri dute, eta hura hautsiz igaro dira manifestariak. Autonomia oraintxe eta Gure herria Euskal Herria da izan dira lelorik oihukatuenak.Amaieran Manex Pagolak eta Haizpea Abrisketak hartu dute hitza autonomiaren aldarrikapena egiteko.
Laurogei herritarrek egin zuten manifestaziorako deialdia, eta EAko eta Batasuneko kideak daude haien artean. Halaber, hautetsiak, kulturgintzakoak, gazte mugimenduetakoak, sindikalistak eta preso ohiak ere badaude. Besteak beste, Mattin Etxepare, Battitt Ameztoi, Dominique Duhalde, Anje Duhalde, Amets Arzallus, Xarlo Etxezaharreta, Anais Funosas, Mirentxu Lako eta Clara Rouget daude dei egileen artean.
Batasuna alderdiak bat egin du manifestazioaren deialdiarekin. Prentsaurrekoa egin zuen joan den astean autonomiaren aldarrikapena berresteko. Batasunak autonomia proiektu bat aurkeztu zuen urtarrilaren 27an, Uztaritzen. Udazken honetako biltzar nagusian berretsi zuen autonomiaren gaia borroka ildo gisa finkatuko zuela.
Abertzaleen Batasunak, aldiz, ez du bat egin manifestazioarekin. ABren ustez «Batera dinamika ez da oraino higatua», eta bide horretatik jarraitzeko eskatzen du. Autonomiaren alde dagoela berresten badu ere, Ipar Euskal Herriaren onarpenaren aldeko borrokak «ahal bezainbat bildu» behar duela dio, eta gaurko manifestazioak «nahasmena» eragiten duela, «irakurgarritasunari» begira. Batasunak urtarrilean «alde bakarreko proposamena» egin izana «atzerapausoa» dela dio, alderdiek elkarrekin egin lanarekin parekatuz.
EAJk ez du bat eginen manifestazioarekin autonomiaren aldarrikapena «gaurko Frantzia zentralizatuan ezin gauzatua» dela azalduz. Departamenduaren eta eskualdearen eskumenak bilduko lituzkeen berezko instituzioa eskatzen du EAJk.
Politika
Autonomia eskatu dute Baionako karriketan
800 bat lagunek parte hartu dute laurogei bat herritarrek Ipar Euskal Herriaren autonomiaren alde antolatutako manifestazioan. Besteak beste, Manex Pagolak, Txomin Peillenek, Koldo Gorotiagak eta Ixabel Etxeberriak eraman dute pankarta. EAko eta Batasuneko kideak daude dei egileen artean. ABk eta EAJk ez dute deialdiarekin bat egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu