Ibarretxe Plana

Autonomia Estatutuen erreforma "PSOEk normaltasunez planteatzea" pozgarritzak jo du Ibarretxek

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Juan Jose Ibarretxek gaur goizean Gasteizen adierazi duenez, "pozgarria da PSOEk normaltasun eta naturaltasun osoz Autonomia Estatutuen erreformak planteatzea". Horrez gain, esku artean dituen bere planaren zortzi zirriborroak "bizkarrezur bera" dutela iragarri du EAEko lehendakariak.

2003ko uztailaren 31
13:42
Entzun
Espainiaren ikuspegiari buruz PSOEk landutako txosten bat izan du hizpide Ibarretxek. Txosten horretan, Espainiako Konstituzioaren barnean autonomiak gehiago garatzeko Estatutuen erreforma proposatzen da, eta EAEko lehendakariak "pozik" hartu du berri hori, "azken batean, ni ere Gernikako Estatutuaren erreforma proposatzen ari naizelako".

"Hitzetatik ekintzetara pasatzea espero dut orain, eta txosten horrek jasotzen duen mamian oinarrituz PSOErekin elkarrizketa normalizatu bat ahalbidetuko dela iruditzen zait", azpimarratu du Ibarretxek. Hala, Jose Luis Rodriguez Zapatero PSOEKo idazkari nagusiarekin "hitz egiteko prestutasun osoa" duela nabarmendu du.

Hala ere, PSOEren barnean "beldurra" sumatzen duela esan du Ibarretxek, "gurekin harremanak eta bilerak izaten badituzte PPren erasoa jasan dezaketelako, eta agian, Espainiari begira botoak gal ditzaketelako". PPrekin hitz egiteko prest dagoela ere esan du EAEko lehendakariak, baina ez hedabideak erabiliz. "Euskal gatazka politikoa konpontzeko proposamenik ez diot entzun PPri, eta Euskadi eta Espainia urrundu dituen politikoa Aznar da", adierazi du.

"Bizkarrezur bera dute zirriborro guztiek"

Irailaren 26an Eusko Legebiltzarrean aurkeztuko duen planaren helburu nagusia "elkarrizketarako guneak irekitzea" da Ibarretxeren esanetan, eta esku artean dituen zortzi zirriborroak "bizkarrezur bera" dutela nabarmendu du, "2002ko irailaren 27an esan nuen bezalaxe". Orduko hitzaldian aipatu bezala, hiru dira bere planaren zutabe nagusiak: "Euskal Herria nortasun propioa duen herria da, eta bere etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea du, betiere, herritarren erabakien errespetutik abiatuta".

Oinarri horiek zortzi zirriborroen "abiapuntua" direla nabarmendu du Ibarretxek, eta EAJ, EA eta EB-IUren adostasunez bere plana Eusko Jaurlaritzaren izenean aurkeztea espero du irailaren 26an. Ibarretxek Legebiltzarraren esku utzi zuen plana eztabaidatzeko formula, baina bera "eztabaida pausatuaren aldekoa" da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.