Autonomia Kolektiboa: «Autonomiaren ideia gero eta zabalduagoa da»

Frantziako instituzioen erreformarekin, departamenduaren aldarrikapena «hanka motz» gelditu dela dio

ENEKO BIDEGAIN
Baiona
2009ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Autonomiaren ideia bere bidea egiten ari dela dio Mattin Etxepare Autonomia Kolektiboko eta Eusko Alkartasuneko kideak. «Bretainian, argi eta garbi ari dira autonomiaren aldarrikapenarekin», argitu du. Duela zenbait egun Herri eta Eskualdeen Elkartasuna (RPS) federazioko biltzar nagusian izan zen, eta han «ohartu» zen, Frantziaren menpe diren herrialde gehienetan, autonomiaren aldarrikapena erreferentzia bihurtzen ari dela. Bretainian, adibidez, hango hautetsi sozialistak ere autonomiaren alde ari dira. «Pena da sozialistek arras beste jarrera bat dutela Bretainian eta hemen».

Europa guztian autonomia estatutuak daudela, Frantzian salbu, azaldu dute Autonomia Kolektiboko kideek. «Autonomia gero eta gehiago inposatzen ari da Europako estatuetan», dio Gabi Mouesca Autonomia Kolektiboko eta Autonomia Eraiki taldeko kideak. «Ez gara marjinal batzuk. Gure aldarrikapena ez da iraultzailea».

Frantziako erakunde publikoen erreforma prozesua dela eta, Autonomia Kolektiboak uste du sekulako unea dela, Ipar Euskal Herriaren autonomiaren alde ekiteko. «Eskumen orokorreko xedapena baztertuko dute», azaldu du Jean-Claude Agerre Autonomia Kolektiboko eta Batasuneko kideak. «Departamenduaren eginbeharrak hustuak izanen dira, erregioaren mesedetan. Departamenduaren aldarrikapena hanka motz gelditzen da hurrengo urteei begira».

Bilera eta mitina

Autonomiaren aldeko indarrak biltzeko asmoz, bilera bat antolatuko dute urriaren 17an, Kanbon, 09:30ean, Larrazkena gelan. Bilera interesatuak diren guztientzat irekia da. Horrez gain, azaroaren 14an autonomiaren aldeko mitina eginen dute, oraindik zehazteko dagoen toki batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.