PSOEko Lurralde Batzordeak batzarra egingo du bihar; hain zuzen ere, alderdi horretako eskualdetako idazkariak eta autonomi erkidegoetako lehendakariak bilduko dira, eta guztien buru, Jose Luis Rodriguez Zapatero idazkari nagusia. 'El Pais' egunkariak gaurko alean kaleratu duenez,"lurralde proiektua" onartuko dute, hots, "sozialisten proposamen autonomikoa".
Agiriaren edukia aurreratu du 'El Pais'-ek, eta haren helburua "Autonomien Estatua errealitate berrietara egokitzea" dela zehaztu du. PSOEren arabera, 25 urte igaro dira Espainiako Konstituzioa onartu zenetik, eta, horrenbestez, Autonomien Estatua "Espainiako zein Europako errealitate berrietara egokitzeko" unea heldu da.
Funtsean, autonomi erkidegoei Espainiako politikagintzan indar eta parteharze handiagoa ematea proposatzen du sozialisten testuak, eta, horretarako, autonomi estatutuak erreformatzeko aukera aurreikusten du. Nolanahi ere, bi baldintza ezartzen die aldaketa horiei: batetik, "Konstituzioarekin eta haren baloreekin bat etortzea", eta, bestetik, "adostasun sozial eta politiko zabala biltzea".
Nolanahi ere, PSOEren proposamenak argi eta garbi gaitzesten ditu "banaketa eta sasi-subiranotasun" saioak.
Senatuaren erreforma eta Europan parte hartzea"
Autonomierkidegok Espainiako politikan duten pisua handitze aldera, Senatuaren erreforma proposatzen du PSOEk. Hain zuzen ere, Espainiako Senatua Autonomien Ganbera bilakatzea bultzatzen da, eta horrekin lotuta, autonomi erkidegoetako lehendakarien batzar bat eratzea, zeina urtean behin bilduko litzatekeen. Autonomi erkidegoetako presidenteek eta Espainiako Gobernuak parte hartuko lukete batzar horretan.
Horrez gain, autonomi erkidegoek Europako Batasunean parte hartzea proposatzen du PSOEk. Lehen urrats gisa, Europako Ministroen Kontseiluko Espainiako ordezkaritzan autonomi erkidegoetako kideak egotea bultzatuko dute sozialistek, eta gerora Europako Batasunari buruzko erabakietan autonomi erkidegoak "esku-hartze aktiboa izan dezaten" ahalbidetzeko tresnak martxan jartzea.
Politika
"Autonomien Estatua errealitate berrietara" egokitzea helburu duen agiria onartuko du bihar PSOEk
'El Pais' egunkariak plazaratu duenez, PSOEren estatu eredua zehazten duen agiria onartuko du bihar alderdi horretako Lurralde Batzordeak Santillana del Marren (Kantabria) egingo duen batzarrean. "Autonomien Estatua errealitate berrietara" egokitzea du helburu proposamen horrek, eta, besteak beste, estatutuen erreformak aurreikusten ditu, hain zuzen ere, autonomi erkidegoek "Espainiako politikagintzan partehartze handiagoa izan dezaten". Nolanahi ere, "banaketa eta sasi-subiranotasun" saio guztiak gaitzesten ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu