'Naparra auzia'

Autonomoetako 'Bakunin'

inaki petxarroman
2016ko urriaren 1a
20:38
Entzun

Jose Miguel Etxeberria Alvarez 'Naparra' Iruñean jaio zen 1958ko apirilean. Haren aitona Nafarroako hiriburuko alkateorde errepublikanoa izan zen. Hiru anai-arreben arteko bigarrena, Iruñean ez ezik, Alegian (Gipuzkoa) igaro zuen haurtzaroaren zati handi bat, hangoa baitzuen aita.

Jesuiten eskola batean hezia, gaztetatik piztu zitzaion Euskal Herriak bizi zuen egoera sozial eta politikoarekiko kezka. Ikasle erakundeetan aritu zen, artean adin txikikoa zela, frankismoaren aurkako borrokan. Militantzia politikoan sakontzearekin batera, bere burua trebatzen hasi zen testu politiko klasikoak irakurriz. Besteak beste, ezkerreko mugimendu iraultzaileetako erreferenteak zituen gustuko: Leon Trotski, Mikhail Bakunin eta beste hainbat. Frankismoaren hondarreko eta trantsizioaren hasierako urte odoltsuen lekuko izan zen, besteak beste, Iruñeko 1978ko sanfermin odoltsuetan. Francoren heriotzaren ondoren, LKI-ETA Seigarrenean sartu zen 'Naparra'. Merkataritzako eskolak ematen hasi zen unibertsitatean, baina ez zen eskoletara askorik agertzen. Kalean zegoen zurrunbilo politiko bizia grina handiz jarraitzen zuen Etxeberriak. Eztabaida ideologiko handiak izan zituen LKI-ETA Seigarreneko kideekin, eta ETA pm-ra egin zuen jauzi, hain zuzen ere, Komando Berezietara. Egitura horiek adar politiko-militarreko zuzendaritzarekin izan zituzten tirabiren ondoren, ETA militarrera igaro zen 'Naparra', talde berezietako gainerako militanteekin batera.

Alabaina, ETAren egitura hierarkikoarekiko desadostasuna gero eta ageriago azaltzen zuen, eta horrela pasatu zen Komando Autonomo Antikapitalistetara. 1978ko abenduan Bisasoako muga pasat,u eta Ipar Euskal Herrian finkatu zuen bere zeregin politiko-militantea. Urte haietan eztabaida handiak izan zituzten autonomoek eta ETAko gainerako bi adarretako kideek, besteak beste, Naparrak eta beste kide autonomoek zilegitzat jotzen zutelako sistema kapitalistari ideologikoki eusten ziotenen aurka jotzea, nahiz eta zuzenki ezizan estatuaren egituretako adar. Hala, abortuaren aurka zeuden medikuen aurkako ekintzak zilegi ikusten zituzten autonomoek, besteak beste.

Lagunek eta kideek Naparra eta Bakunin deitzen zioten. 1980ko ekainaren 11n etxetik irten zen, Ziburura (Lapurdi) norbaitekin zuen topaketa batera. Orduan desagertu zen, eta geroztik ez da gehiago jakin hari buruz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.