'Egunkaria' auzia

"Autoritateari desobedientzia' egitea leporatuta, hilabetez egunean 5 euro ordaintzeko eskaria egin die fiskalak EHUko ikasleei

Iazko martxoan EHUko 38 ikaslek eta irakasle kaleratu batek Leioako campusean 'Egunkaria'-ren aldeko itxialdia egin zutela eta, gaur izan dute epaiketa 39ek Getxoko epaitegian. Fiskalak "autoritateari desobedientzia" egitea leporatzen die auzipetuei, eta hilabetez egunean 5 euro ordaintzeko eskaria egin die. Hala ere, epaiketa nahasia izan da, lekuko bezala deklaratu duten bi ertzainek gertakarien bertsio kontrajarriak eman dituztelako. 'Egunkaria'-ko langile ohiak Getxon izan dira ikasleei elkartasuna adierazteko. Martxelo Otamendi 'Egunkaria'-ko zuzendari ohi eta egun 'Berria'-ko zuzendaria denak auzia artxiba dezala eskatu dio epaileari, "ez baitauka ez hanka eta ez bururik modu baketsuan protesta egiten ari ziren ikasleak epaitzea".

2004ko martxoaren 15a
18:48
Entzun
Goizeko 9.30ean hasi da Getxoko epaitegian 'Euskaldunon Egunkaria'-ren itxiera salatzeko EHUko 38 ikaslek eta irakasle batek egin zuten protesta dela-eta egiteke zegoen epaiketa. Auzi honek zenbait atzerapen izan ditu, azkena administrazio akatsak zirela medio. Hala ere, auzipetuek elkarretaratzea egin dute epaitegiaren atarian goizeko 9:00etan –epaiketa hasi aurretik–, eta baita haiei elkartasuna adieraztera hurbildu diren 'Egunkaria'-ko langile ohiak, Martxelo Otamendi 'Egunkaria'-ko zuzendaria eta egun 'Berria'-ko zuzendaria tartean zela. Iñaki Antiguedad EHUko errektoretzarako hautagaia, Arantxa Urkaregi EHUko irakaslea eta EHUtik kanporatutako irakasleak ere tartean ziren. Otamendik epaiketa hori "lotsagarria" dela esan du 'Egunkaria'-ko langile ohien izenean, "ez duelako ez hanka eta ez bururik protesta baketsu bat egiteagatik ikasleak auzipetzea". Hori dela eta, kasua artxibatzeko eskatu dio Otamendik epaileari.

Auzipetuek banan-banan deklaratu dute epailearen aurrean. Ez dira auzipetu guztiak joan, baina ia gehienak joan dira, 30tik gora. Esaterako, Enrike Lopez irakaslea eta ikasletako bat intsumiso deklaratu eta epaitegira ez zirela azalduko esaten zioten epaileari. Epaileak itxialdiaren inguruko galderak egin dizkie auzipetuei. Itxialdia egiteko arrazoien inguruan galdetu die batik bat, eta baita gertakariak nola izan ziren kontatzeko. Ikasleen arabera, EHUko Leioako campuseko kafetegian 'Egunkaria'-ren itxiera salatzeko protesta egiten ari ziren, eta halako batean, Protecnisa enpresako kideak barrura sartu eta ikasle guztiak banan-banan atera ziren, arrastaka. Kanporatu eta gero, ertzainak kafetegiaren kanpo aldean zeudela esan diote ikasleek epaileari, eta eragozpenik jarri gabe identifikatu egin zirela.

Ertzainen lekukotza kontrajarria

Lekuko babestu bezala, atestatua idatzi zuten bi ertzainek deklaratu dute. Horietako baten arabera, ertzainak ere Protecnisakoekin batera sartu ziren kafetegira ikasleak kanporatzera. Lekukotza horrek bazterrak nahastu ditu, beste ertzainak ez baitu horrelakorik esan. Epaiketaren une batean, gainera, bi ertzainak elkarri hizketan hasi dira, eta hori debekatuta dago. Hori dela eta, auzipetuen abokatu Kepa Manzisidorrek protesta egin, eta ikasleak kargurik gabe aske uzteko eskatu du, "argi geratu delako ertzainak ez zirela sartu, Protecnisakoak sartu zirela bakarrik, eta Protecnisakoak autoritatea ez direnez, ezin zaielako ikasleei autoritateari desobedientzia egitea leporatu".

Fiskalak, ordea, akusazioari bere horretan eustea deliberatu du, eta itxialdia modu baketsuan egin zela eta ikasleek erresistentziarik ez zutela jarri onartu arren, ertzainak ere kafetegi barrura sartu zirela esan du, eta hori dela eta eskaria; hilabetean, egunean 5 euroko kalte-ordaina auzipetu bakoitzari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.