Bilboko mediku bat auziagatik inputatu izanak, eta lehen aldiz hilobi baten exhumazioa egiteak, itxaropena eragin du frankismo garaian hasieta 1980ko hamarkada arte ustez lapurtuak izan ziren haurren auziko biktimen artean. Dena den, argi dute bidea luzea izango dela. Hala berretsi dute abokatuek. «Aurretik dugun bidean urrats bat besterik ez da. Oraindik asko geratzen da egiteko. Akusazio bat egon, eta ahozko epaiketa bat hasi arte ezin dugu dominarik jarri paparrean. Orain, instrukzioa ondo bideratu eta eztabaida juridikoa egoki eraiki behar dugu», dio Sergio Ruiz abokatuak. Ruizek 20 kasutik gora daramatza.
536 dira SOS Ume Lapurtuak elkarteak esku artean dituen kasuak. Horietatik 216tan jarri dira salaketak. Ruizek salatu du epaile askok salaketak artxibatu dituztela. Horretarako erabili duten argudio nagusia ondorengoa da: kasuak baliogabetuta geratu direla, urte asko igaro direlako delituak egin zirenetik. Beste kasu batzuetan froga faltagatik izan da. «Halakoetan, ikerketa fasean ez dira behar adina froga bildu salaketak aurrera egin ahal izateko. Hori Fiskaltzak egindako lanaren baitan dago, neurri handi batean. Zeresana ere badu akusazio partikularra egoteak».
Epaileek askotariko irizpideak izan ditzakete; ez, ordea, fiskalek. Hala, Espainiako fiskal nagusiak hasieratik defendatu du urte ugari igaro diren arren delitu horiek ez direla baliogabetuta geratu. «Guk ere hori defendatu dugu. Zentzuzkoena da. Pertsona horietako askok orain gutxi jakin dute lapurtuak izan direla, zegokien filiazioa ukatu zitzaiela. Hortaz, hortik hasi beharko litzateke auzia aurrera egiten, eta ezinezkoa litzateke baliogabetua egotea».
Koordinazio falta
Ruizek uste du ondo egiten ari direla gauzak. «Baina ez dago beharrezkoa izango litzatekeen adinako koordinaziorik. Erakundeen aldetik babes handiagoa izan beharko lukete biktimek». Hala, beharrezkoa ikusten du Espainiako Gobernuak DNAren erregistro edo banku bat sortzea. «Hala, edozeinek aukera izango luke DNA erkatzeko». Biktimak aspalditik ari dira hori eskatzen. Izan ere, banku pribatuekin egin behar izan dute lan orain arte, eta euren poltsikotik ordaindu behar izan dituzte probak, nahiz eta erakundeek diruz lagunduko zituztela agindu.
Horrekin batera, argi du zein den gakoa: sare antolatu bat zela frogatzea. «Horrela balitz, zigorrak handiagoak lirateke. Oraingoz ez ditugu nahiko froga sare bat izan zela erakusteko». Argi du ez dela erraza izango lortzea. «Kasu askotan delitua egin zutenak hilda daude, eta hori arazo bat da; salaketa jartzeko, ardura penalak nahiz zibilak eskatzeko, akusatu bat behar baita. Horren ondorioz, kasu asko bidean geratuko dira». Sare bat dela frogatuz gero, elkarteak aukera handiagoa izango luke salaketa bateratu bat aurkezteko: « Oraingoz ez dugu egin horregatik, eta ekonomikoki oso garestia delako. Baina gerora ikusiko da».
Ume lapurtuen auzia
Auzi baten aurreneko urratsak
Frankismo eta 1980ko hamarkadaren artean ustez lapurtuak izan ziren umeen auzia aurrera doa. EAEn 216 salaketa daude .Sare antolatu bat izan zela frogatu nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu